Goldatzeko makina lortuta, pozik daude Lekitto Bedarrekoak
Lekeitioko ortularien elkartekoek esan dute Bedaronako 'Meretzika' baserrikoak eman dietela makina. "Martin Bilbaok konpondu du makina".
Bedaronako Meretzika baserriko arduradunak hamar urte inguruan geldirik zeukan goldatzeko makina eman dio Lekeitiko Lekitto Bedarra ortularien elkarteari. Esan dute makinak ez zuela funtzionatzen, baina Martin Bilbao herritarrak hura konpondu eta gero, ondo dabilela; pozik daudela diote taldeko kideek.
Lekitto Bederrakoak esker oneko berbak eduki dituzte bai Meretzika baserrikoentzako eta baita makina konpondu duen Bilbaorentzako. “Goldatzeko makina Japoniako Yammar markakoa da. Marka hori oso ona da, ibilgailuen munduan Mercedesen parekoa. Bilbaok lan bikaina egin du konponketak egiten!”.
Makina horri esker, Usotegiko ortuko lerroak goldatu eta txukundu eta hortik herriko Elikagaien Bankuari eta Dominika mojei emateko uzta jasotzen dutela diote. “Orain ere 200 bat letxuga ditugu landatuta urtarrilean emateko”.