Espainiako Pala Txapelketa irabazi du Eneko Sagarmendik
Xabi Villar zarauztarrarekin batera irabazi du neurketa. Zumaiako Pilota Elkarteko Jurdan Arakistain zestoarra eta Leire Esnal zumaiarra erraz mendean hartu dituzte.
Historia egiten jarraitzen du Errenteriako Mindara klubeko Eneko Sagarmendi palista mutrikuarrak. Domekan [abenduak 12] Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatutako Pilota Egokituko I. Espainiako Binakako Pala Txapelketaren finala irabazi du Xabi Villar zarauztarrarekin batera. Kantxan erakustaldi ederra eman ostean, erraz menderatu zituzten Zumaiako Pilota Elkarteko Jurdan Arakistain zestoarra eta Leire Esnal zumaiarra.
Aurrelari zarauztarra eta atzelari mutrikuarra partidaren jaun eta jabe izan ziren neurketaren hasieratik. Aukera gutxi laga zien aurkariei, eta ondorioz, bi setean erabaki zen partidua; 10-3 irabazi zuten lehen seta eta 10-4 bigarrena. Ederto astindu zuten pala, eta potentzia eta joko onarekin tanto ederrak eskaini zituzten. Pilotari mutrikuarrak, gainera, oso ondo agindu zuen atzeko aldetik. Ondo kokatuta egon zen, eta aurkariak tokitik atereaz eraginkortasun handiko tanto erremate bikainak lortu zituen.
Mutrikuarra oso pozik agertu da finala irabazi ostean. “Partida ona jokatu dugu Xabik eta biok, eta irabazi egin dugu. Amets bat bete dut Labrit moduko pilotaleku garrantzitsu batean jokatu dutelako. Asko gustatu zait bertan jokatzea; edozeinek ez dauka aukera hori. Garaipena, amari, Josune nire neskalagunari, familiari eta nire lagun guztiei eskaini nahiko nieke. Orain hurrengo txapelketan pentsatzen hastea tokatzen da”.