Ondarroako Yaalah Elkarteak Bir Ganduz egitasmoari jarraipena eman dio
2021eko 4x4 euskal elkartasun karabanan parte hartu dute Eneko Antxustegi, Eneko Ituarte eta Eneko Bedialauneta Yaalah elkarteko boluntarioek. Furgoneta bete material eraman dute Saharar errefuxiatuen kanpalekuetara.
Algeriak utzitako lur zatirik gogorrenean bizi diren sahar errefuxiatuen kanpalekuetara elkartasun bidaia egin dute Yaalah elkarteko boluntarioek. 51 lagunek parte hartu dute 2021eko 4×4 euskal elkartasun karabanan eta horien artean egon dira Eneko Antxustegi, Eneko Bedialauneta eta Eneko Ituarte ondarrutarrak. Esan dutenez, “materialez gainezka” joan dira kanpalekuetara eta duela hiru urte hasitako Bir Ganduz proiektuari jarraipena emateko aukera ere eduki dute. “Besteak beste, emakume gazteen burujabetzarako eta errealizazioarako espazioak sortzeko proiektuari jarraipena eman diogu”.
Esperientzia beste behin ere “ederra” izan dela, baina bidaia “nahikoa gorabeheratsua” izan dela gaineratu dute. Ia sei egun behar izan zituzten helmugara ailegatzeko; hilaren 2an irten zuten Gasteiztik eta hilaren 8an goizaldean ailegatu ziren. “Karabanan materialez bete-bete egindako 39 ibilgailu eraman genituen, eta horietako asko oso zaharrak zirenez nahikoa gorabehera eduki genituen. Gasteizetik irten eta Jaenera joan ginen lehen egunean. Han lo egin eta handik Almeriara joan ginen. Egun horretan Euskal Herritik irten zuen karabanaren beste zatiagaz bertan batu ginen”.
Hilaren 4an ibilgailu guztiak ferryan sartu eta Algeriara bidean hasi ziren. “Algeriara iritsi ginenean izapideak egiten denbora asko eman genuen portuan. Lehorreratu ondoren, Algeriako armadako kideak etorri zitzaizkigun, eta karabanan gurekin batera etorri ziren Tinduf ingurura arte; bidaiaren zati handi bat konboi militar batek babestuta egin genuen. Algeriako lurretan egindako bidaia hiru egun eta bi gautan egin genuen; azkenengo zatia izan zen gogorrena”.
Kanpalekuetan, bestalde, bizpahiru egun igarotzeko aukera eduki dute; barikuan [abenduak 10] hartu zuten bueltako bidea. “Familiekin bizpahiru egun egoteko aukera besterik ez dugu eduki. Euskal Herriko hainbat talde kideka joan ginen karabanan batera, baina kanpalekuetan bakoitza bere zereginak egiten aritu ginen. Bidaia honek ere asko balio izan du beste taldeekin harremana sendotzeko eta sakontzeko”.
[ZUZENEAN ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Tarte horretan lan eta lan aritu direla nabarmendu dute. Hainbeste kanpalekutan furgonetan eraman zuten elkartasun materiala banatzen aritu ziren. “Batez ere, Ondarroa, Mutriku eta Bergarako Oporrak Bakean egitasmoan parte hartzen duten umeei banatu diegu materiala; 25 bat poltsa eraman ditugu arropaz eta eskola materialez beteta. Horregaz batera, Bir Ganduz proiekturako gauzak ere eraman ditugu”.
Errefuxiatuek egindako ongietorria “ikaragarria” izan dela ere diote. “Hona ailegatu ginenean sekulako harrera egin ziguten. Saharako Barne Ministroak eskerrak eman dizkigu eta berak aipatutako berbekin bat egiten dugu. Hemen gertatzen ari dena ez da gatazka humanitario bat, baizik eta gatazka politiko bat. Halako ekintzekin guk nahi duguna da gatazka politiko hau azalera atera eta horri irtenbidea eman. Gatazka hau ezin da betiko bihurtu, 46 urte daramate borrokan”.