Lea-Artibai Amankomunazgoak 300.000 eurotan handitu du aurrekontua 2022rako
4,4 milioi euroko aurrekontua onartu dute. Gizarte Zerbitzuak lehenetsi dituzte, eta bertara bideratu dute diru kopuru handiena.
Lea-Artibai Amankomunazgoak 4.425.172 euroko aurrekontua onartu du 2022rako. Aurtengoa baino 308.000 euro inguru gehiago izango dituzte. Azaldu dutenez, Amankomunazgoaren parte diren udalerrietatik jasotako iritzi eta ekarpenak izan dituzte kontuan aurrekontuak egiterakoan, eta denen oniritziz onartu dira. Hain zuzen ere, joan den barikuan [abenduak 10] egindako batzar nagusian onartu zituzten, aho batez.
Aurten, Gizarte Zerbitzuak indartu nahi izan ditu, batez ere, Amankomunazgoak. Horrela, gizarte zerbitzuen alorrera 2.435.000 euro bideratuko dituzte. Arlo horretan, garrantzi handia eman diote, alde batetik, Gizarte Zorroan dituzten zerbitzuak eta prestazioak garatzeari: “adinekoentzat ostatu zerbitzuan adibidez, eskualdeko egoitzekin hitzarmenak egiten ari gara. Ezin dugu ahaztu gure eskualdean 65 urtetik gorako pertsona tasa oso handia daukagula”. Horrez gain, zaintzaileen zerbitzua, aholkularitza juridikoa, gizarte eta hezkuntza arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzua eta gaueko harrera zerbitzua ere indartu dituzte. Bestalde, COVID-19 pandemiak eragin dituen egoerei aurre egiteko, gizarte larrialdietarako laguntzetan 2021ko aurrekontuetan baino 133.000 euro gehiago aurreikusi ditu Amankomunazgoak.
Zabor bilketari dagokionez, herritarrei zuzendutako sentsibilizazio kanpainak bultzatzen jarraituko du Amankomunazgoak, “hondakinen sailkapena bultzatu eta handitu nahian”. Horretarako, 1.608.000 euro edukiko dituzte.
Bestalde, Lea-Artibai Amankomunazgoan lan egiten duten 60 langileen soldatek ere %2ko igoera izango dute. Igoera horrek guztira, 68.000 euroko kostua eragingo du. “Guzti honegaz, herritarrentzako kalitatezko zerbitzuak eskaintzen jarraituko dira, denontzako eskualde hobe bat sortzeko helburuagaz”.