Markina-Xemeingo EH Bildu: "Uholde arriskuen inguruan egindako kudeaketa ez da nahikoa izan"
Egoerei bat-bateko erantzuna emateko, larrialdi mahaia sortzea beharrezkoa dela uste dute.
Markina-Xemeinen uholde arriskuaren inguruan egin den kudeaketa “ez zaio nahikoa iruditu” Markina-Xemeingo EH Bilduri. Aparkalekuen kudeaketa “berandu” egin zela esan dute, eta bandoa “arratsaldera arte ez zela bota” gaineratu dute. “Uste dugu herri mailan horrelako egoerei bat-bateko erantzuna emateko larrialdi mahaia sortzea beharrezkoa dela. Zoritxarrez, COVID-19ak sortutako krisia kudeatzeko fororik ere ez da sortu herrian”.
Diotenez, naturaren indarraren kontra ezer gutxi egin daitekeen arren, eragin kaltegarriak murrizteko zerbait egin daiteke: “Adibidez, matarrasaren eraginez, lur asko galdu dute gure mendiek, eta horrek bioaniztasunean ondorio kaltegarriak eragiten ditu, bai gure lur azaletan baita erreketan ere. Gainera, praktika horrek basoak babesik gabe eta errekak zikinduta uzten ditu kasu askotan. Horrela, euriteek kalte izugarriak sorraraziz”.
Markina-Xemeingo EH Bilduren ustez, baso anitzen eta iraunkorren aldeko bideak lagun dezake naturaren adierazpen indartsu hauen aurrean hobeto egokitzen. “Oso garrantzitsua dela uste dugu instituzioek berandu baino lehen bestelako baso ereduen aldeko apustua egitea”.