Nazioarteko zinema jaldietan saritutako 'Zumiriki' filma emango dute Markina-Xemeinen
Emanaldia barikuan [abenduak 17] izango da, Esperantza aretoan. Ostean, solasaldia egongo da zuzendariagaz.
MARKArte Markina-Xemeingo II. Arte Eszenikoen jaialdiaren baitan, Oskar Alegria zinemagile nafarraren Zumiriki dokumentala eskainiko dute barikuan [abenduak 17] 19:00etan, Markina-Xemeingo Esperantza aretoan. Zumiriki, Alegriaren bigarren film luzea da, 2019ko Veneziako Mostran aurkeztu zen eta nazioarteko jaialdietako hainbat sari jaso ditu. Besteak beste, Sevillako (Espainia) Zinemaldiko Olatu Berriak saileko film onenaren saria, Genovako (Italia) Nazioarteko Zinema Mostrako Muybridgeko Golden Pigeon saria eta Family Film Project Oporton (Portugal). Veneziako 76. Mostran ere sarietarako izendatutakoen artean egon zen.
Filmak Nafarroako Pirinioetako basoetan bakartuta dagoen naufrago baten istorioa kontatzen du, naturarekin eta bere haurtzaroarekin berriz konektatzea helburu duen pertsona batena, eta dokumentala grabatzeko lau hilabetez baso batean isolatzea erabaki zuen Alegriak. Esperientzia horretaz eta dokumentalaz zuzendariagaz beragaz hitz egiteko aukera egongo da barikuan. Izan ere, filmaren emanaldiaren ostean solasaldia egongo da zuzendariagaz.
Emanaldirako sarrerak Markina-Xemeingo udaletxeko kutxazainean jaso daitezke, 08:15 eta 20:00 bitartean. Sarrerak 2 euro balio dute.