Trabakuako bidea itxita dagoen bitartean neurriak hartzeko eskatu dute herritarrek
Besteak beste, Ermuatik pasatzen den autobus linea errefortzatzeko eta Ermuatik Garaira arteko tartean AP-8 autobidea doakoa izatea eskatu dute.
HITZAk jakin ahal izan duenez, momentuz Markina-Xemeingo herritar batek erregistratu du eskaera ofiziala Markina-Xemeingo Udalean. Dena dela, Trabakuako errepidea itxi zenetik, herritar gehiago izan dira sare sozialen bidez udalei eta Bizkaiko Foru Aldundiari Lea-Artibaiko herritarrei bestelako alternatibak emateko eskatu dietenak.
Markina-Xemeingo Udalean eskaera erregistratu duen herritarrak aipatu du momentu honetan Ermutik pasatzen den autobus linea dela gehien erabiltzen dena, eta ordu jakin batzuetan, linea horrek errefortzua behar duela. “Galdakao-Usansoloko ospitaletik pasatzen den linea hartuz gero, Markina-Xemeindik Durangoraino bidaiak ordubete irauten du. Lekeitiokoan ez dakit ziur, baina uste dut antzera”. Horrez gain, AP-8ko Ermua-Garai tartea doakoa izatea eskatu du. “Behintzat tarte hori doan izatea”.
Gaineratu du espero duela honez gero udala foru aldundiagaz harremanetan egotea “arazo handi” horri “lehenbailehen” irtenbidea emateko.
Gertaera. Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, Trabakuako BI-633 errepidea moztuta egongo da denboraleak eragindako kalteak garbitu, ebaluatu eta konpontzen diren bitartean. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako saileko teknikarien hasierako kalkuluen arabera, mozketa bi astez luzatu ahal izango da. Epe horretan, Durango eta Markina-Xemein arteko lotura autobidetik egin behar da Ermuraino, eta handik Trabakuara lotu. Aldundiko teknikariek jakinarazi dutenez, luiziak 1.000 metro kubiko material baino gehiago eraman ditu, lubeta bat hautsi du, eta, ondorioz, errepidean arrakalak sortu dira.