Markina-Xemeingo Beti Jaiko jubilatuek gaztainak egin dituzte herriko umeentzat
Ekimenaren asmoa belaunaldien arteko transmisio kulturala sustatzea da, eta horretarako gaztainak batu eta sukaldatu dituzte Bekobenta eta Berakruz ikastetxeetako ikasleekin batera.
Sagardoagaz egin zuten modura, gaztainen jatorria eta Euskal Herrian jaki horrek izan duen garrantzia azaldu diete Beti Jai jubilatuen elkarteko kideek Markina-Xemeingo umeei. Ekimenaren asmoa belaunaldien arteko transmisio kulturala sustatzea da, eta horretarako gaztainak batu eta sukaldatu dituzte Bekobenta eta Berakruz ikastetxeetako bi geletako umeekin batera, azalpenak emanez.
Lehenengo irteera bat egin dute gaztainak nondik datozen ikusteko. Gaztaina arbolak erakutsi eta horien jatorria azaldu diete ikasleei Beti Jai Elkartekoek. Ondoren, Arkupe aurrean prestatuta zeukaten txokoan batutako gaztainak erre eta ume bakoitza bere poltsatxoagaz itzuli da ikastetxera.
Beti Jaikoek azaldu dutenez, umeez gain, herritar gehiago hurreratu zaizkie gaztaina bila. Izan ere, esan dutenez, ekimena egun osoan egitea zuten asmoa, goizean umeei begira eta arratsaldean beste herritarrentzako. Baina, pandemiaren egoera okertu dela-eta umeen ekimenera mugatu dira.