Nerea Urbizuk jarri dio doinua 22. Korrikari: 'HitzEkin'
Nerea Urbizuk zuzendu du abestia, eta Sustrai Colinarenak dira hitzak. Urbizurekin batera, Ane Garcia eta Anari dira abeslariak.
Korrikaren hitzek badute doinua; bada hitzak kantatzerik, bai eta dantzatzerik ere. Iragarria zenez, Amurrio (Araba) eta Donostia lotuko ditu 22. Korrikak, eta urtea amaitu aurretik aurkeztu dute Euskal Herrian barrena lasterka egingo diren kilometroak girotuko dituen HitzEkin abestia, kantuaren bideokliparekin batera. Nerea Urbizuk zuzendu du abestia, eta Sustrai Colinarenak dira hitzak.
Urbizu bera, Ane Garcia eta Anari dira abeslariak, eta, hain zuzen, kantuaren zuzendari Urbizuk nabarmendu du ez dela kasualitatea izan kantuaren hiru interpreteak belaunaldi desberdinetako emakumezkoak izatea. Horren atzean asmo bat dagoela dio: «Helduen eta txikien arteko katearen sostengu eta bitartekaritza irudikatzea».