Berriatuko eskola berria inauguratu dute jai giroan
Ekitaldi berezia egin dute gaur [abenduak 18] goizean musika, dantza, zinta mozketa eta bisita gidatuagaz. Mikel Lertxundi eskultoreak eskolarako egin duen obra ere bistaratu dute.
Herritar guztiei ateak zabaldu dizkie gaur [abenduak 18] Berriatuko Eskola berriak. Ikasleek aurtengo ikasturtea bertan hasi badute ere, gaur egin da inaugurazio ekitaldi ofiziala, eta ikasleez gain, gainerako herritarrek ere instalazio berriak ezagutzeko aukera eduki dute.
Urte askotako eskaerari erantzuten dio proiektuak, hori dela eta, herritar asko batu dira ekitaldian, lorpena guztien artean ospatzeko. Jai giroa izan da nagusi. Tarine Musika Eskolakoen trikitixa doinuekin hasi da ekitaldia, eta herriko Sarats taldearen dantzaldia, eskolako LH5 eta LH6 mailetako ikasleen bertsoak, ohorezko aurreskua eta zinta mozketa ere ez dira falta izan.
Eskolako irakasle guztiek azken urtean egindako lana eskertuz eman dio hasiera inaugurazioari Jon Arriola Berriatuko alkateak. “Urte asko daramagu eskola berria inauguratzeko gogoz. Zortzi edo bederatzi urteko prozesu luzea izan da. Imanol Mugartegi alkate zegoela hasi ziren proiektua egiten. Hiru proiektu egin behar izan dira behin betikoa egitea lortzeko, eta gatazka asko eduki ditugu zelakoa egin erabakitzeko, baina uste dugu Berriatuak merezi duen moduko eskola ederra lortu dugula”. Nahi zuten modura, eskola Berriatuko erdigunean mantentzea lortu dutela azaldu du alkateak. “Hasieratik helburua hori zen, herriko plazan bertan eskola eder hau edukitzea, eta lortu dugu”. Esan duenez, azken txanpan lortu dute baita ere, Musika Eskola ere erakin horretara eramatea.
Oraindik lan denak amaitu barik badaude ere, datorren udan Haurreskola eraikin berrira eraman etaĀ jolaslekuko aterpea handitzea dute asmoa. Horrez gain, umeekin parte hartze prozesu batean erabakitako jolas tokiko egokitzapen guztia ere udan egingo dutela jakitera eman du Arriolak.
Alkateaz gain, Ana Badiola eskolako zuzendaria, IƱaki Orbe Hezkuntzako ordezkaria eta eskola komunitate osoaāikasle, irakasle, gurasoā egon dira ekitaldian. Baita Mikel Lertxundi eskultorea ere. Izan ere, Lertxundik obra bat egin du eskolarako, eta sarreran jarri dute.
Eskola berriagaz “oso pozik eta harro” dagoela esan du Lertxundik. “Eskolako umeak dira herriko udaberria, herriko etorkizuna eta geroa, eta herriaren erdian umeak eta horrelako eskolak ematen duen alegrantzia benetan eskertzekoa da. Herriari bizia ematen diona hori da eta geroa be hortik dator”. Hori guztiori eskertu nahi izan du Lertxundik eta opari bat egin nahi izan dio eskolari. Oraina, geroa izena jarri dio obrari, eta lora baten forma eman diola azaldu du. “Irekitzen moduan dagoen lora bat. Azkenean, eskola honetan dauden umeak direlako loreak, gero fruitua emango dutenak, gero herria izango direnak”. Material desberdinak ere erabili ditu obrarako, “pertsona desberdinak daudelako eta denen artean herria egiten dugulako”.
Zinta moztu eta eskultura agerian utzi ondoren, bisita gidatuak egin dira. Talde txikietan ikusi ahal izan dute eraikin osoa, alkatearen eta eskolako irakasleen laguntzagaz. Tarine Musika Eskolakoek, gainera, musika eta kantua jarri diote bisitari. Ilusio handiagaz zeharkatu dituzte herritarrek eraikin berriko ateak, eta gustura ibili dira batera eta bestera, eskolako txoko guztiak ezagutuz.





































































