Migratzaileen egoera salatzeko elkartu dira Markina-Xemeinen
Migratzaileen Nazioarteko Eguna gogora ekarri eta aldarrikapen nahiz ospakizun ekintzak egin dira.

Gaur [abenduak 18] Migratzaileen Nazioarteko Eguna dela eta, elkarretaratzea egin dute Markina-Xemeingo Goiko Portalean. Migratzaileei eragiten dieten “zapalkuntza eta bidegabekeria guztiak” salatu eta “inor ez dela ilegala” aldarrikatu dute ozen.
Elkarretaratzearen amaieran, pertsona migratu, arrazializatu eta errefuxiatuen biltzarrak kaleratu duen manifestua irakurri dute. Manifestu horretan salatzen dute besteak beste, Europar Batasunak eta Frontexek eramandako bere mugako erregimenaren ondorioz itsasoan milaka etorkin hil izana, atzerritarren legeak baimendutako arrazakeria instituzionala, pertsona migratuen eta arrazializatuen aurkako poliziaren indarkeria, migratzaileek dituzten lan-baldintza eskasak, harrera-programa solidarioak sortzeko borondate politikorik eza, migratzaileeentzako kartzelak diren CIESak, etorkinek atzerritarren bulegoetan izapideak egiteko hitzordurik ez izatea eta inoren kargura ez dauden adingabeen kriminalizazioa.
Eta horri guztiorri erantzun bat ematea exijitzen dute; bide seguruak eta legezkoak pertsona guztientzat, atzerritarren legea berehala indargabetzea eta sarekada arrazistekin amaitzea beste batzuen artean.
Elkarretaratzeagaz gainera, musika egon da ondoren, Plazabarripean. Dantzari batek eta musikari bik emanaldi txiki bat eskaini dute. Hasteko, dantza bat eskaini du Ondarroako Tidiane Ndonj edo Dr. Dance dantzariak. Azaldu duenez, 3 urte daramatza Ondarroan, eta musika eskolak ematea gustatuko litzaioke. Gitarra jo eta abestu egin du Laiyo musikari eta konpositoreak, eta azkenik Foroyaren instrumentu berezia entzuteko aukera egon da.
Plazabarripean jarri dute informazioa eman, materiala saldu edo dohaintza bat egiteko mahaia ere, eta erakusketa bat ere egon da ikusgai.


































