Kidek 5 milioi euro inbertitu ditu Berriatuko lantegia handitzeko
Gardotzako industriagunean kokatuta dagoen lantegian nazioarteko ekoizpen guztia zentralizateko eta indartzeko apustua egin du kooperatibak. “Tokiko enplegua sortzeko konpromiso zorrotzagaz” eman du pausoa.
Deslokalizazioaren joera globalari jarraitu beharrean, Kidek Txinan zuen lantegia itxi eta erabaki du Berriatuko lantegian nazioarteko ekoizpen guztia zentralizateko eta indartzeko apustua egitea. Berriatuko kooperatibak pauso hori tokiko ekoizpenaren eta bere “inguruko inbertsioaren aldeko apustu argia” egiteko eman duela nabarmendu du. Bide horretatik, 5 milioi euroko inbertsioa egin du Gardotzako industriagunean kokatuta dagoen lantegia handitzeko.
Gaineratu du “tokiko enplegua sortzeko konpromiso zorrotzagaz” eman duela pausoa. “Estrategia horri esker, ekoizpen prozesu osoa kontrolpean daukagu, inplikatutako hirugarren agenteak desagertuz eta, beraz, katean gerta daitezkeen ustekabeak eta desorekak murriztuz. Modu horretara, erantzun egokia eta kontrolatua ematen zaio bezeroari, eta gaur egun merkatu nazionala bizitzen ari den bezalako krisi egoeren inpaktua minimizatzen da”.
Kooperatibak azpimarratu du ekoizpen zentroa Berriatuan izateak indartu egin duela lehiakortasun indarguneetako bat, entregen epea, alegia. Nazioarteko ekoizpen guztia Gardotzan ekoizteko hartutako erabakiak, gainera, horniduren krisi globalak dakarren eragina moteltzen lagunduko diola uste du kooperatibak. “Sektore batzuek gaur egun bizi duten hornidurarik ezaren egoera, garraioarena eta, oro har, hornidura katearen kolapsoarena, atzerriko merkatuekiko mendekotasun handiak eragin du hein handi batean. Agertoki honetan Kideren estrategia izan da ekoizpena aberriratzea; beste merkatu batzuekiko mendekotasunik ez izateko, erabaki egokia izan da”.
Txinan ekoiztutako produktuen Internet bidezko erosketen goranzko joerak, edukiontzien eta garraiolarien eskasiak, eta Txinako portu eta fabriketako COVID-19aren aurkako neurriek, energia mozketekin batera, “zalantzazko agertoki” bat sortu dutela ere badio Kidek. Baina nazioartean eragina edukitzen ari den “ezegonkortasun” hori guztia “neurri txikiagoan” jasan dutela dio, batez ere, “nazioarteko ekoizpen guztia Bizkaira aberriratzeari esker. Txinan ekoizteak ematen zizkigun abantailetatik aldentzeak ez du eraginik eduki lehiakortasunean, ez eta kalitatean zein prezioan zerbitzu ezin hobeak eskaintzen jarraitzeko gaitasunik ere”.
Kooperatibari buruz. Kide hozteko ganberak, panel isolatzaileak, ateak, hozteko ekipoak eta lehorgailuak ekoizten dituen kooperatiba da. 1975ean sortu zen, eta Mondragon Korporazioko kidea da; 40 urte baino gehiagoko esperientziari esker, hotzaren sektorean lider bihurtu da maila nazionalean.