Nerea Ibarzabal: "Nire izena entzutean oso maitatua eta esker onekoa sentitu nintzen"
Txapela beretzat eta gaur egun dagoen lekuraino heltzen lagundu diotenentzat dela dio Ibarzabalek: "Maite dudan jende guztiarena da, hor eusten nautenena".
Bizkaiko Txapelduna da Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra. Jone Uria getxoztarrarekin lehiatu zuen buruz burukoa finalean, eta baita saioa irabazi ere, 874,50 puntugaz. “Txapela niretzat izango zenik ez nuen argi, bai buruz burukora heldu nintekeela“, azaldu du Ibarzabalek. Saioan kontzentrazioa mantentzen saiatu zen, baina besteak ere ondo zebiltzala ohartu zen. “Jone eta Etxahun buruz burukorako aukerekin ikusten nituen, baita Xabat ere. Onintzak poto egin zuen, eta pena eman zidan. Azken faserako kandidatoak bazeudela ikusten nuen, baina pentsatu nuen nik ere ez nuela hankarik sartu, beraz, saio amaieran presente nuen aukera bat zela ni buruz burukora heltzea”.
Jone Uriagaz aurrez aurre, hura ere lan ona egiten zebilela kontziente zen txapelduna: “Ez nekien zenbat punturekin pasatu ginen buruz burukora; beraz, ez nekien zein zebilen aurretik. Baina ni gustura geratu nintzen egindako lanarekin eta hori niretzat asko zen”.
Irabazlea iragartzerakoan bere izena entzutea “sorpresa” izan zela aitortu du markina-xemeindarrak: “Negarrez hasi nintzen, eta hainbat gauza etorri zitzaizkidan burura. Baina, batez ere, oso maitatua eta esker onekoa sentitu nintzen”. Txapela beretzat eta gaur egun dagoen lekuraino heltzen lagundu diotenentzat dela dio Ibarzabalek, izan bertsokide, bertsozalego zabal eta feminista, babesa adierazi dioten lagunak eta familia… “Maite dudan jende guztiarena, hor eusten nautenena”. Txapelketetan baxu sentitzen diren momentuak ere badaudelako, egun txarrak eta norbere burua zalantzan jartzekoak. “Eta egun horietan ere hor egoten dira. Horiek denek osatzen dute txapel bat, eta nirea haientzat ere bada”.
“Txapelketa batek lan handia suposatzen du, ordu asko bertso eskoletan. Eta oso ederra da, baina ezin da izan gauza jarraitu bat. Orain deskantsua hartu behar dut”
Udazken honetako parte. Emakume bat zen Bizkaiko txapelaren jabe zapatura arte, eta beste emakume batek jantzi du orain. “Azken urteetan presentzia indartzen gabiltza, eta txapelketetan oso argi ikusten da, parte-hartzaileen kopuru aldetik alde nabarmena dagoen arren. Emakumezkoak ere finalera heltzen gara, final parekideak sortuz, aurkezten diren neskak maila oso onekoak direlako. Pozgarria da. Udazken honetako azken txapelketa izan da Bizkaikoa. Nafarroan ere emakume batek jantzi du txapela (Saioa Alkiza) eta Xilaba bertsulari txapelketan buruz burukora heldu zen Miren Artetxe. Olatu eder bat izan da, eta ikusi dugu lehen plazan maila ona erakutsi izan duten emakumeek finaletan ere zein ondo egin duten. Udazken honetako parte izatea oso polita da niretzat”.
Orain deskantsua behar duela aipatu du Ibarzabalek, udazkenean Euskal Herriko txapelketari heldu aurretik. “Txapelketa batek lan handia suposatzen du, ordu asko bertso eskoletan. Eta oso ederra da, baina ezin da izan gauza jarraitu bat. Orain deskantsua hartu behar dut. Udazkenean helduko da Euskal Herrikoa, baina plaza handia da, eta desberdina izango da. Helburuak ere desberdinak dira denontzat”.
Ibarzabalek amaieran botatako agurra:
Gure etxeko andre guztiak
nahi nituzke ohoratu
egoerarik gogorrenetan
ez direnak hondoratu.
Bizikideei bertso kideei
bihotzetik bost olatu
badago nundik jasoa eta
badago zer geroratu.
Muga, kartzela, harresi, ibai
galerak zelan kontatu
merkantzientzat bideak libre
ta pertsonak zokoratu.
Baña itzarrik mantentzen gaituzten
ideia horiei oratu
hormak higatu daitezkelako
ta arrakalak loratu.