Ondarroako Udaltzaingoak Internet bidezko erosketekin kontuz ibiltzeko eskatu du
Salatu den kasuetako batean 4.500 euro desagertarazi dizkiote herritar bati. Internet bidezko erosketak soilik https hasiera daukaten edo itxitako giltzarrapoa daukaten webguneetan egitea gomendatu dute.
Ondarroako Udaltzaingoak jakitera eman du azken asteetan herritar bat baino gehiago gerturatu dela Udaltzaingora Internet bidez egindako erosketaren bat egin ostean kontu korrontetik dirua lapurtu diotela salatuz. Horren aurrean adi ibiltzeko eskatu dute. Esan dute Ondarroan salatu den kasuetako batean 4.500 euro desagertarazi dizkiotela herritar bati.
Ohartarazi dute erosketak Internet bidez egiterakoan web orri batean sartutako datu pertsonalak baliatuz (izen-abizenak, kontu korronte zenbakia eta abar) egin dituztela lapurretak. “Guregana etorri diren herritarrek, ustez, seguruak ziren webguneetan egin dituzte erosketak, baina handik egun batzuetara konturatu dira erosi dutenarengatik ordaindutakoa ez eze, diru gehiago ere kendu dietela kontu korrontetik”.
Baterenbatek iruzur zantzuren bat ikusten badu lehenbailehen Udaltzaingora jotzeko eskatu dute
Horren aurrean, Internet bidezko erosketak soilik https hasiera daukaten edo itxitako giltzarrapoa daukaten webguneetan egitea gomendatu dute. Azpimarratu dute mota horretako web orrialdeak direla “segurtasuna bermatzen” dutenak. “Askotan web orrialdearen itxurari erreparatzen diogu bakarrik eta konfiantza osoz sartzen ditugu datu guztiak, segurua delakoan, eta hor dago gakoa. Datu horiek baliatzen dituzte gero lehenengo kopuru txiki batean, eta gero kopuru handiagoetan titularraren kontu korrontetik dirua hartzeko”. Gaineratu dute halako iruzurrak saihesteko beste bide bat kreditu txartel birtualak izan daitezkeela.
Baterenbatek iruzur zantzuren bat ikusten badu lehenbailehen Udaltzaingora jotzeko eskatu dute. “Asko Kontsumo Bulegora joatean dira, baina kasu honetan hobe da Udaltzaingora etorri eta salatzea; ez da kontsumitutakoari zuzenean lotutako arazo bat, lapurreta bat baizik. Garrantzitsua da baita ere Internet bidez erosketaren bat egiten den momentuan zein handik bizpahiru egunetara kontu korrontean egondako azken mugimenduak errepasatzea, halakorik gertatuko balitz ere lehenbailehen konturatu eta salatzeko”.