COVID pasaportearen aurkako elkarretaratzeak deitu dituzte Lea-Artibain
Eguenean [abenduak 23] eskualdeko hiru udalerri nagusietan batzeko deia egin dute. "Pasaporte zibiko honekin amaitu arte" eguenero batzeko asmoa agertu dute.
Bizitza Plataformako Lea-Artibaiko Mizelioa taldeak Eusko Jaurlaritzak COVID-19ari aurre egiteko ezarritako neurrien aurka mobilizatzeko dei egin die herritarrei. COVID pasaporteari ez! lelopean elkarretaratzeak egingo dituzte eguenean [abenduak 23], Lea-Artibaiko hiru herri nagusietan. Mobilizazioak 17:30ean egingo dituzte hiru udalerrietan. Lekeition Eskolapean batzeko deia egin dute, Markina-Xemeinen udaletxe aurrean batuko dira eta Ondarroan, berriz, Alamedan.
Lea-Artibaiko Mizelioa taldeko kideek esan dute COVID pasaportea “totalitarioa eta diskriminatzailea” dela eta gaineratu dute, “pasaporteko zibiko honekin amaitu arte” eguenero egingo dituztela elkarretaratzeak. “Gure askatasuna gure esku dago; zure eskubideak ezagutu eta erabili itzazu. COVID pasaporteak bidea irekitzen dio egoera diktatorialari, medikamentu geniko esperimental bat ez hartzea erabaki duten pertsonak diskriminatuz eta gogor hertsatuz”.
Birusaren transmioari dagokionez, azpimarratu dute ez dela aurkitu “alde esanguratsurik” txertoa hartu dutenen eta ez duten pertsonen artean. “Berdin kutsatzen dute. Beraz, argi dago helburua kontrol soziala dela eta larrialdia aitzakia dela, gure arbasoek guretzat lorturiko eskubideak zanpatzeko. Gure esku dago eraso bortitz hau bertan behera geratzea, gure oinarrizko eskubideak ezagutuz eta erabiliz, alternatibak eraikiz, harremanak aktiboki indartuz, eta behar izanez gero, desbedientzia baketsua eginez”.
Gaineratu dute “lotsatxartela” ezartzeko nazio eta nazioarteko legedi anitzak eta Zuzenbide Estatua “urratu” behar izan direla. “Non dago haien muga? Eta zurea? Presio sozialagatik txertatu bazara eta esaten dizkizuten dosi guztiak hartzen ez badituzu, pakean lagako zaituztela eta libratuko zarela uste duzu?”