Ondarroako Kamiñazpi auzoko igogailua 2022an eraikiko dute
Bizkaibuseko geraleku alboan edukiontziak dauden toki inguruan edukiko du sarrera, eta goian dauden etxeetara iristea erraztuko du; bi solairutan edukiko du geralekua.
Kamiñazpi auzoko goiko aldeko etxebizitzetara irisgarritasuna erraztuko duen igogailu publikoaren proiektua idazten ari da une honetan Ondarroako Udalak kontratatutako enpresa bat; tokiko erakundearen asmoa da 2022an obra exekutatzea. “Auzotarrek denbora daramate irisgarritasuna erraztuko dien bitarteko bat eskatzen. Azterketa bat egin ostean eta bizilagunen iritziak jaso ostean, bi solairutan geralekua izango duen igogailu bat ipintzea da asmoa, herriko beste leku batuzetan dagoen modura”.
Udal iturriek zehaztu dute azpiegiturak sarrera gaur egun Bizkaibuseko geraleku alboan edukiontziak dauden toki inguruan izango duela. “Igogailuak Kamiñazpi kalea eta hortik goruntz dauden etxeak batuko ditu”. Gaineratu dute inguruko bizilagunekin harremanetan daudela, azpiegitura berriak “ahalik eta gorabehera gutxien” eragin ditzan bizilagunengan.
Udalerriko auzorik jendetsuena dela jakitun, Kamiñazpi auzo guztia “goitik behera” berrurbanizatzeko nahia ere agertu dute, baina une honetan hori egitea ezinezkoa dela azpimarratu dute. “Inbertsio handiegia eskatzen du. Horren ordez, apurka-apurka joango gara auzoa konpontzen: goiko aldeko igogailua, Ibaiondoko asentatzea, parkearen diseinua, argiteria eta goiko etxeen inguruetan egin beharreko konponketak, besteak beste”.