Mutrikuko etxebizitza bat kiskali du sute batek
Suteak ke handia eragin badu ere, inor ez da "larriki zauritu". Hiru pertsona artatu behar izan dituzte, kea arnasteagatik.
Mutrikuko Iriagirre kaleko etxebizitza batek su hartu zuen atzo [abenduak 22] iluntzean. Segurtasun Sailetik jakitera eman dutenez, 19:10ak aldera jaso zuten abisua, sute bat zegoela ohartaraziz. Bi ordu baino gehiagoko lanaren ostean itzali zuten sutea Markina-Xemein, Iurreta, Arrate eta kostako suhiltzaileek elkarlanean. Prebentzio neurri modura, Ertzaintzak, Mutrikuko Udaltzaingoak eta Osakidetzako anbulantzia batek ere parte hartu zuten jarduketan.
Iriagirre kaleko 6ko bigarren soilairuko etxebizitza suteak indar handia hartu zuen eta ke asko bota zuen, goiko etxebizitzei ere eraginez. Suteak arazoren bat edo beste eragin zuen, eta leherketaren bat edo beste ere entzun bazen ere eta kalte materialak egon baziren ere, inor ez zen “larriki zauritu”. Hala ere, kea arnasteagatik hiru pertsona artatu behar izan zituzten. “Kea arnastearen ondorioz bi pertsona tokian bertan artatu dituzte. Beste hirugarren bat, aldiz, ospitalera eraman dute, arrazoi beragatik”.
Atzo erretako etxebizitza dagoen blokea, gainera, Mutriku eta Deba lotzen dituen GI-638 errepidetik oso gertu dago, eta horrek zirkulazio mozketak ere eragin zituen. Sutea zerk eragin zuen argitzeko ikerketa zabalduko dute suhiltzaileek.