325 kilo janari banatuta, 2021aren balantze "oso ona" egin du Lekitto Bedarrak
Lekeitioko ortularien elkarteak esan du 2020an 300 kilo janari banatu zituztela eta 2021ean marka hori "erraz" gainditu dutela. "2021aren oso balantze ona egiten dugu".
Lekeitioko ortularien elkarteak esan du 2021ean Dominika mojei zazpi aldiz eta Elikagai Bankuari hamabost aldiz eman dietela Usotegiko ortu komunitarioan jasotako uzta. “Nahiz eta 2020an banaketa gehiago egin genituen, 2021ean kopuru handiagoko banaketak egin ditugu”. Ondorioz, 2021ean elikagai gehiago banatu zituzten. “Guztira 325 kilo inguru banatu ditugu; 2020ko kopurua erraz gainditu dugu”.
Ondoko elikagaiak dira taldeak Usotegin hazi eta banatzen dituenak: tomateak, berenjenak, letxugak, patatak, azak, porruak, piparrak, meloiak, sandiak, kalabazak, babak, indarrak… “2021ean gehien banatu dugun elikagaia letxuga izan da. Guztira 500 ale baino gehiago banatu ditugu!”.
Gogorarazi dute Elikagai Bankuak herrian behar gehien duten 90 familia ingururi ematen diela janaria. “Hori jakinda, gure indarra horra bideratu dugu. Denentzako janaria egoteko ekoizpena egokitu dugu”.
Konpromisoari eutsiz. Iazko balantzea eginda, esan dute aurten ere orain arteko bidetik jarraituko dutela eta Usotegiko uzta banatzen jarraituko dutela. “2022an asmo berdinagaz jarraituko dugu. Otsailean urteko lehenengo barazkiak banatuko ditugu”.