Lea-Artibai eta Mutrikun ere Sareren deialdiagaz bat egingo dute
Mobilizazioak Etxebarrian, Markina-Xemeinen, Lekeition, Mutrikun eta Ondarroan egingo dituzte zapatuan (urtarrilak 8). Mobilizazioetara joan ezin dutenei sare sozialen bidez bat egiteko deia luzatu diete.
Bigarren urtez jarraian, urtarrileko Bilboko mobilizazio handia bertan behera uztea erabaki du Sare herritarrak, eta horren ordez, herriz herri 200dik gora ekitaldi egingo dituzte zapatuan [urtarrilak 8].
Lea-Artibaiko eta Mutrikuko deialdiak:
- Etxebarria (17:00): Olaia aurrean.
- Leketio (17:00): Eskolapean.
- Markina-Xemein (17:00): Udaletxe aurrean.
- Ondarroa (17:00): Zaldupeko Zubian.
- Mutriku (18:00): Goiko Plazan.
Mobilizazioetara joan ezin dutenei sare sozialen bidez bat egiteko deia luzatu diete; Izan Bidea dinamikako geziarekin argazkia ateratzeko eta sare sozialetan #BIDEAN traolagaz partekatzeko eskatu dute.
Sarekideek espero dute egungo espetxe politika aldatzeko erabakigarria izango den urte berriaren hasiera izatea. “Sufrimenduari amaiera emateko eta etorkizun hobea eraikitzeko bide honetan elkarrekin aurrera egiteko urtea izatea espero dugu. Eta guztion artean egin behar dugu hori. Bestela, ezinezkoa izango da. Hori da hasi berri dugun urteari eskatzen dioguna eta egunero lan egiten jarraitzeko arrazoia”.
Beraz, zapatuan kalera irten eta salbuespeneko espetxe politikaren amaiera eskatzeko aldarrikapena aktibo mantentzearen “beharra eta garrantzia” azpimarratu dute. Ildo horretatik, “salbuespenik gabe eta gehiago atzeratu gabe” euskal preso guztiak hurreratzea eskatuko dute, eta baita ere bigarren gradutik hirugarrenerako “progresioa”. Espetxeko baimenak hartzeko eta baldintzapeko askatasuna lortzeko “aukera desblokeatzearen” beharra azpimarratu dute.
Bizikidetzaren eta bakearen alde “erantzukizunez, errespetuz eta enpatiaz” aurrera egiten jarraitzeko aldarrikapena egin dute.
Mahai-ingurua. Arratsaldeko Bilboko manifestazioa bertan behera utzi badute ere, goizean Euskalduna Jauregian mahai inguruan elkartuko dira ordezkari politiko, sindikal eta sozialak. Euska Herrian izandako indarkerien biktimek parte hartuko dute. Mahai-ingurua amaituta, Sareko bozeramaileek elkarbizitzarako bidean aurrera egiteko beharrari buruzko “hausnarketa labur bat” plazaratuko dute.