Urrutia-Lourido, Gonzalo-Danel eta Arbe-Lekue nagusitu dira Elorrio memorialean
Arratibel eta Aldazabal, Arakistain eta Mugartegi eta Agirre eta Manzisidor "nahikoa erraz" menderatu dituzte irabazleek. Txapelketari buruzko balorazio ona egin dute antolatzaileek.
Victor Bereikua Elorrio puntista ezagunaren omenezko bigarren zesta-punta txapelketaren azken fasea lehiatu zen eguaztenean [urtarrilak 5] Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan. Hiru kategoriatan –gazte, nagusi eta elite– banatuta jokatu zen pilota jaialdia. Euren kategorietako finalak “nahikoa erraz” irabazi ostean, Javier Urrutia eta Aner Lourido, Gonzalo Agirre eta Danel Mandiola eta Jokin Arbe eta Roberto Lekue izan dira txapeldunak.
Gazte mailako norgehiagokagaz hasi ziren finalak. Asier Arratibel gernikarraren eta Ortzi Aldazabal Argoitia berriatuarraren aurka erraz nagusitu ziren Javier Urrutia eta Aner Lourido markina-xemeindarrak; 30-22 irabazi zuten partida. Arratibel eta Argoitia oso urduri aritu ziren, ez zuten egun ona eduki, eta hori baliatuta garaitu zuten Urrutiak eta Louridok. Bikote irabazlea ederto moldatu zen kantxan, eta hasieratik ipini ziren markagailuan aurrean, aurkariei aurreratzeko aukerarik eman barik.
Nagusi mailan, berriz, Aner Arakistain eta Gorka Mugartegi Atain II.a markina-xemeindarren aurka 30-20 irabazi zuten Gonzalo Agirre zumaiarrak eta Danel Mandiola markina-xemeindarrak. Gonzalo eta Danel indartsu hasi ziren hasieratik, erritmo azkarra ezarri zuten, eta hasieran lortutako abantaila handiari esker partidaren jabe egin ziren.
Txapelketari buruzko balorazio ona egin dute antolatzaileek
Elite mailako partida izan zen azkena. Jokin Arbe markina-xemeindarra eta Roberto Lekue ondarrutarra eta Eduardo Agirre zumaiarra eta Mikel Manzisidor mutrikuarra aurkitu ziren finalean aurrez aurre. Bikote biak gogor borrokatu ziren txapela etxera eramateko nahiagaz, eta partida nahikoa parekatuta hasi bazen ere, partidaren erdi aldera ihes eginda Arbe eta Lekue 30-18 nagusitu ziren Eduardoren eta Manzisidorren aurka.
Finalean giro ona egon zela esan du Santi Olabe Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolako arduradunak. Markina-Xemeingo pilotariez gain, Berriatuko, Mutrikuko, Gernika-Lumoko, Zumaiako, Tolosako eta Gasteizko klubetako pilotariek parte hartu dute aurten txapelketan, eta balorazio ona egin dute antolatzaileek. “Maila handiko puntistek parte hartu dute eta partida ederrak ikusteko aukera egon da”.