Aritz Erkiagak irabazi du Banakako Zesta-Punta Txapelketa
Tentsio handia, emozioa bor-borka eta akatsez betetako hasiera. Horrelakoxea izan da Berriatuko Mendibarren frontoian jokatutako Banakako Zesta-Punta Txapelketaren finala. Bi set-ak irabazita, ispastertarrak jantzi du txapela (11-12 eta 9-12).
Nahiz eta Berriatuko Mendibarren frontoian emozioa eta giro ona falta ez, Banakako Zesta-Punta Txapelketaren finala ez zela “kalitate onekoa” izan esan dute antolatzaileek. Erkiaga eta Lopez dena ematera atera ziren kantxara, baina hasieran akats asko egin zituztela nabarmendu dute.
Lehenengo set-an tentsioa izan zela nagusi esan dute. “Lopez erosoago egon zen, baina hamaikagarren tantora heldu eta set-a amaitzeko tanto bakarra geratzen zitzaionean (11-7), Erkiaga bizi hasi zen”. Azken tantoan Erkiagak bi paretetara bota zuen pilota, eta zalantza egon zen txapa izan bazen edo ez. Aurreko epaileak falta markatu bazuen ere, erdiko epaileak ontzat eman zuen. “Erdiko epaileak agintzen du, eta harek ontzat eman zuenez, Erkiagak irabazi zuen set-a (11-12)”.
Bigarren set-a. Partiduaren bigarren zatia nahikoa berdinduta joan zen. Lopezek aurrea hartu zuen, baina set-aren erdian Erkiaga bizi hasi zen jokatzen, eta 2-3 tanto aurretik joatea lortu eta bigarren set-a ere bere egin zuen (9-12). Lehenengo set-ean gertatutakoa zela eta, Lopez ez zen kantxara atera txapeldunordearen saria jasotzera.
Jaialdiko lehenengo partidua. Banakako finalaren aurretik Barandikak eta Lekuek Arbe eta Aimarren aurka jokatu zuten; Barandika eta Lekua nagusitu ziren. “Partidu hori bikaina izan zen. Afizioa sortzeko ezinhobea”.
Giro ona. Mendibarren frontoia bete-betea egon zen banakako finala ikusteko; sarrera guztiak agortu ziren. Azpimarratu dute batez ere eskualdeko ikusle gazte asko egon zirela. “Ondarroako gazte asko ere hurreratu ziren, inoiz ez bezala. Argi dago gazteen artean zesta-punta modan dagoela”.