Ehunka herritar atera dira kalera, euskal presoen eskubideen alde
Euskal Herriko beste hainbat herritan egin modura, Lea-Artibai eta Mutrikuko ehunka herritarrek salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzeko aldarrikatu dute. Sarek esan du justizia eskatzen dutela, "justizia baino ez".
Euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen defentsan ehunka herritar atera dira gaur [urtarrilak 8] kalera. Ondoko herrietan egin dituzte mobilizazioak: Etxebarria, Lekeitio, Mendexa, Markina-Xemein, Mutriku eta ONdarroa. Herri guztietan salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzeko aldarrikatu, euskal preso guztiak hurreratzea eskatu eta gradu progresioan dagoen blokeoa askatzeko exijitu dute.
Arantza Aldezabalek Bilbon irakurri du mezu nagusia Sareren izenean, eta euskal presoek giza eskubideak dituztela onartzeko eta horiek errespetatzeko eskatu du: “Ez dugu pribilegiorik eskatzen. Justizia eskatzen dugu, justizia baino ez”. Bide horretatik, euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan egon behar dutela aldarrikatu dute. “Batetik, eskubide bat delako, eta, bestetik, espetxeetako eskumena transferitu ondoren, jarraipen positiboa eta humanitarioa egiteko aukera dagoelako, euskal gizarteak bereganatutako legezkotasuna errespetatzen duten jokabideak espetxeak kudeatzeko protokoloetan jasota”. Gogorarazi dute baita ere oraindik orain larriki gaixorik dauden 19 preso daudela, eta horiek euren etxeetan egon beharko luketela.
Bizikidetzaren eta bakearen aldeko bidean, “erantzukizunez, errespetuz eta enpatiaz” aurrera egiteko aldarria zabaldu dute. “Bide honetan, ideologia ezberdineko herritarron arteko erkarlana da gakoa. Sufrimenduari amaiera emateko eta etorkizun hobea eraikitzeko bide honetan elkarrekin aurrera egiteko urtea izatea espero dugu”.