Arrieta eta 'Kalaputxi' saritu dituzte Mutrikuko Kultur Galan
Ekitaldia, gainera, Iñigo Andonegi argazki lehiaketako sariak banatzeko eta koronabirus garaian kultur ekitaldiak egiteko ahalegina egin duten herriko talde txikien lana eskertzeko baliatu dute.
Herriko kultur eragileei “merezitako omenaldia” egin nahi izan die beste urte batez Mutrikuko Udalak. Aurreko martitzenean [urtarrilak 4] Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan egin zen Kultur Galan kultura munduan dabiltzan herriko eragileei onespena eta eskerrak eman nahi izan zizkieten sari baten bitartez. Urtero modura bi sari banatu zituzten: banakakoa eta taldekakoa.
Aurtengoan, Leyre Arrieta historialari mutrikuarrak eskuratu du banakako saria. Sariarekin historialari mutrikuarraren ibilbidea nabarmendu nahi izan dute, eta bidez batez, urtero egiten diren Historia Jardunaldietan eskainitako “laguntza eta prestutasuna” eskertu. Historia Garaikidean doktorea eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea denak Elena Cebrian zinegotziaren eskutik jaso zuen saria.
Taldeko saria Kalaputxi herri aldizkariarentzat izan zen, bere 20. urteurrenean; herri aldizkariko lantaldeko kideek Izaskun Osinalde kultur zinegotziaren eskutik jaso zuten saria. Mutrikuko albisteak euskaraz eskaintzeko, herriko gaiak eta pertsonaiak ezagutarazteko eta Mutrikuko idazkera bultzatzeko helburuarekin jaio zen duela 20 urte hilabetekaria, eta horretan jarraitzeko deia luzatu zuten taldekideek.
Kultur Gala, gainera, zailtasunak izan arren COVID-19aren garaian kultur ekitaldiak aurrera eramateko lanean aritu diren herriko talde txikiei eskerrak emateko ere baliatu zuten. “Ekintzak antolatzeko eragozpenak handiak izan badira ere, aurrera egin duten horiei guztiei errekonozimendua egin nahi izan diegu”. Horrez gain, udalak antolatutako ekintzetan boluntario modura aritu diren guztien lana eskertu nahi izan zuten. Besteak beste, konfinamendu garaian Etxeetatik Mutrikura egitasmoan parte hartu zuten herritar guztiei omenaldi txiki bat egin zieten bideo muntaia batekin.
Ondoren, Iñigo Andonegi izan zen protagonista. 2021eko udan zendu zen kulturgilea gogora ekarri zuten, bere izena daraman argazki lehiaketaren irabazleak izendatu aurretik. Aritz Larrea, Endika Lekube, Ruth Arruabarrena, Jon Badiola, Ibon Lekube eta Ander Zelaia argazki egileen lanak saritu dituzte aurtengo argazki lehiaketan; euren argazkiek jantziko dute 2022ko egutegia.