Lekeitialde Silloniz txirrindulari elkartearen loteria erosi dutenek saria dute
Erregeetako loterian saritxo bat egokitu zaio Lekeitioko Lekeitialde Silloniz txirrindulari elkarteak saldutako zenbakiari (70.350); 4 euroko partizipazio bakoitzeko 8 euroko saria jasoko dute onuradunek. Orain arte zenbaki sarituak Laboral Kutxan kobratzen zirela esan dute txirrindulari elkarteko ordezkariek, baina aurten kobratzeko bestelako prozedura bat ezarri dute.
Zehaztu dute loteriaren partizipazioak dituztenek elkartearen egoitzara jo beharko dutela dirua kobratzeko; Trinketean igerileku azpian daukate lokala. Ordainketa urtarrilaren 18tik aurrera egingo dute; martitzenetan, eguaztenetan eta eguenetan egongo dira bulegoan, 11:00etatik 13:00etara.