COVID-19aren krisiari buruzko "beste ikuspuntu bat" emango dute Markina-Xemeinen
Jon Ander Etxebarria biologoak hitzaldia eskainiko du domekan [urtarrilak 16], 18:00etan, Markina-Xemeingo Plazabarripean.
Bizitza Plataformak antolatuta, Jon Ander Etxebarria Euskadiko Biologoen elkarteko dekano ohiak hitzaldia eskainiko du domekan, 18:00etan, Markina-Xemeingo Plazabarripean. Aurreratu dutenez, Etxebarriak COVID-19aren krisiari buruz “beste inon emango ez duten ikuspuntu bat” emango du.
Antolatzaileek herritarrei hitzaldira joateko gonbitea egin diete. “Ez daukazu dioenagaz bat etorri beharrik, ezta dioena sinistu edo onartu beharrik ere. Baina egon ziur zure iritzia aberasteko eta beste ikuspuntu bat izateko aukera paregabea dela”.
Etxebarriak gutun bat bidali zien azaroan IƱigo Urkullu lehendakariari eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuari. Besteak beste, gutun horretan zioen euskal Gobernuak “ahal bezain beste tranpa” egiten dituela euren usteak defendatzeko eta euskal gizarteari txertatu ezean okerrera goazela sinestarazteko eta modu horretan beldurra sartzeko. “Euren neurriak defendatzeko, 14 eguneko intzidentzia metatua igo eta jaitsi egiten dute, euskal jendarteari iruzur eginez. Intzidentzia metatu hori egiten diren PCR-en arabera oso manipulatuta dago: zenbat eta test gehiago egin, orduan eta positibo gehiago atzematen dira, eta hori denetik balio absolutua, tasak igo egiten dira. Ondorioz, herri guztiak gune gorrian sartzen dira, eta neurriak ezartzen dituzte”.
Etxebarria: “Administrazioak onartu du txertatuta daudenak ere gaixotu ahal direla eta kutsatu ere egin ahal dutela. Beraz, zergatik diskriminatu txertatu gabekoak?”
COVID ziurtagiria “pasaporte” bezala erabiltzea ere kritikatzen du Etxebarriak. “Gobernu honen perbertsioa eta tranpak egiteko gaitasuna pentsaezineko muturrera ailegatzen ari da. Ziurtagiria pasaporte modura ahalik eta herri gehinetan ezartzeko, Sagardui andereak test gehiago egitea agindu zuen, eta, ondorioz, intzidentzia metatua igo egiten da. Beraz, ziurtagiriaren erabilera orduan-eta herri gehiagotara hedatu zuten”.Gainera, ziurtagiriaren erabilera pertsonen kutsatze gaitasunaren arabera erabiltzeko dagoela pentsatuta dio. “Arrazonamendu horrek ez dauka oinarri zientifikorik. Txertatu gabe dagoen batek kutsatu dezake edo ez. Izan ere, horretarako, lehendabizi bera kutsatu behar da, eta gripearekin modura, txertatu ez diren guztiek ez dute gaixotasuna harrapatzen”. Baina dio txertatuta dagoen batek gaixotasuna “modu arin batean garatzeko aukera gehiago” dituela. “Administrazioak onartu du txertatuta daudenak ere gaixotu ahal direla eta kutsatu ere egin ahal dutela. Beraz, zergatik diskriminatu txertatu gabekoak? Zein da ziurtagiria eskatzeko arrazoi zientifikoa?”.
Ziurtagiriaren erabileragaz ostalaritza eta gaueko aisialdia jomugan jartzeak ere ez daukala zentzurik dio. “Momentu baten ere ez dute kutsadurak sektore horietan igo egiten direla dioten kontrastatutako txosten zientifikorik aurkeztu”.
Biztanleria kopurua kontuan ez hartzea eta intzidentzia metatuaren formula herri guztiei berdin ezartzea ere ez dela egokia dio. Eta Osasunaren Munduko Erakudeak 500dik gorako neurria ezarri bazuen ere, Jaurlaritzak momentu batean hori 150era jaitsi izana ere salatu du. “Horrek ez dauka inongo berme zientifikorik. Eta baldin badauka, txosten horiek jendartearen esku jartzeko eskatzen diet”.