Mikel Reparaz kazetariak 'Las grietas de America' liburua aurkeztuko du Markina-Xemeinen
Aurkezpena barikuan [urtarrilak 14] izango da, 18:00etan, Uhagon kulturgunean. Gonbidapenak udaletxeko kutxazainean daude eskuragarri.
Mikel Reparaz nazioarteko informazioan aditua den kazetaria da. EiTBko berriemailea izan da Bruselan eta munduko hainbat gatazka eta hauteskundetan. Azken urteetan AEBetan izan da lanean, eta han bizitakoak Las grietas de America: bajo la piel de un pais dividido liburuan jaso ditu. Eta liburu hori aurkeztuko du barikuan [urtarrilak 14] Markina-Xemeinen; aurkezpena 18:00etan izango da, Uhagon kulturgunean. Gonbidapenak udaletxeko kutxazainean daude eskuragarri.
Besteak beste, 2020an kaleratutako argitalpenak arrazakeria erabiltzearen arriskuaz eta estrategia politiko desberdinarekiko beldurraz ohartarazten du. Hemen Gazteberri aldizkariariak egindako elkarrizketan esandakoak: “Liburuaren helburua da AEBetan gertatzen ari dena ulertzeko gida bat izatea. Eta horretarako, ezinbestean denboran atzera jo eta herrialde hori nola eratu zen ulertu behar da. Izan ere AEBetako ‘aita fundatzaileak’ (Jefferson, Washington…) jauntxo esklabistak ziren eta, garai hartan, Estatu Batuetako ekonomia, hein handi batean, eskulan esklaboan oinarritzen zen. Orduan sortutako desoreka horiek gaur egun arte mantendu dira”.
“Obamak garatu zituen hainbat politika Trumpenak baino muturrekoagoak izan dira, adibidez, immigrazioaren arloan”
Aurrerapausoak eman badira ere, aurrerapauso bakoitzeko supremazismo zuria atzerapauso bat ematen saiatu dela dio Reparazek. “Supremazismo zuria boterean izan da beti eta boterean mantentzeko gutxiengoak zapaldu izan ditu. Baina hori demografia kontu batean oinarritzen da. Izan ere, gaur egun, AEBetako biztanlerian aniztasuna gero eta handiagoa bada ere, %70etik gora zuriak dira eta, horien artean, gehienak kontserbadoreak. Gutxiengoak beti baztertuak izan dira. Europan zaila egiten zaigu ulertzea, baina AEBetan arrazak oso garrantzi handia du. Adibidez, nire semeak eskolan matrikulatu behar izan nituenean, izen-emate orrian haurra zein arrazakoa den galdetzen zen”.
“Demografikoki gauzak orekatzen ari dira eta urteen poderioz biztanleria zuriaren gehiengoa ez da hain nabarmena izango. Kontua da horrek gatazka konpondu beharrean agian tentsioak areagotuko dituela”
Obamak arrazagatiko gatazkaren inguruan ezer gutxi egin zuela dio kazetariak. “Obamaren bizkar gainean itxaropen gehiegi jarri ziren. Nik garbi daukat Obama Trump baino presidente hobea izan zela, baina saiatu naiz Obama ez idealizatzen. Izan ere, Obamak eskubide sozialen inguruan agindutako hainbat kontu ez zituen bete. Black Lives Matter mugimendua, adibidez, Obamaren agintaldian sortu zen. Gainera, Obamak garatu zituen hainbat politika Trumpenak baino muturrekoagoak izan dira, adibidez, immigrazioaren arloan. Kontrakoa pentsa badaiteke ere, Obamak Trumpek baino mexikar gehiago deportatu ditu, 2,5 milioi pertsona inguru”.
Reparazek dio oso konponbide zaila duen gatazka dela eta herrialdea bi zatitan dagoela zatituta. “Bi Amerika daude eta horien artean ez dago elkarrizketarik. Egia da historian hainbat aurrerapauso eman direla, baina 200 urte baino gehiago pasatu dira eta gatazka konpontzeke dago. Demografikoki gauzak orekatzen ari dira eta urteen poderioz biztanleria zuriaren gehiengoa ez da hain nabarmena izango. Kontua da horrek gatazka konpondu beharrean agian tentsioak areagotuko dituela”.