Mutrikuko olatu plantako turbinak berritzeko prozesua hasi du Energiaren Euskal Erakundeak
Azaldu dutenez, hamar urterik behin aldatu behar izaten dira olatu plantako turbinak. Proposamenak aurkezteko epea otsailaren 3an amaituko da.
Energiaren Euskal Erakundeak merkatu kontsulta zabaldu du hornitzaile potentzialak proiektuari buruz informatu eta olatu plantako turbinak berritzeko lehiaketaren diseinurako datu erabilgarriak eskuratzeko. Hori egin eta gero, lehiaketa deituko dute. Proposamenak aurkezteko azken eguna otsailaren 3a dela esan dute.
Mutrikuko olatu planta 2011az geroztik dago martxan eta, azaldu dutenez, olatu plantako turbinak hamar urterik behin aldatu behar izaten dira. “Kontsultak energia elektrikoa ekoizteko aire turbina sistema kostu eraginkor, fidagarri eta seguru baten diseinua, garapena eta erakustea barne hartzen ditu”.
Proposamenen balorazioa. Aurreratu dute proposatutako teknologiak errendimenduaren, kontrolagarritasunaren, fidagarritasunaren, mantenimenduaren eta prezioaren arabera ebaluatuko dituztela. “Aldaketarik ezean, kontratazioaren lehen fasean turbinen lizitazioa apiriletik urrira arte egon liteke zabalik. Epe horretan, sei proposamen aukeratuko dira eta 600.000 euro banatuko dira diseinu kontzeptuan”.
Bigarren fasea diseinuaren hobekuntzei eta laborategiko proben kontzeptuei lotuta egongo da; lau proposamen aukeratuko dira eta euren teknologiak garatu ahal izateko horien artean 1,2 milioi euro banatuko dira.
Gaur gaurkoz, Mutrikuko olatu plantak 100 etxebizitzek urtebetean kontsumitzen duten energia elektrikoaren beste energia sortzen du
Ondoren bi proposamen aukeratuko dituzte olatu plantarako turbinen diseinu, fabrikazio eta proba zehatzetan aurrera egiteko. “Fase hori amaitu ondoren, proposamen bat sinatuko da Mutrikuko plantaren turbinak oraindik zehazteke dagoen prezioan hornitzeko”. Azaldu dute erosketa gutxienez bi eta gehienez ere zortzi turbinara mugatuko dela.
Olatu plantaren energia, datutan. Mutrikuko portuko sarrera babesten duen dikean dago olatu planta, eta 296 kW-ko potentzia osoa duten ur zutabe oszilatzailez hornituta dago. “Mutrikuko zentralak urtean 300 MWh ekoizten omen ditu. Kopuru horrek 100 etxebizitzek urte osoan kontsumitzen duten energia elektrikoa suposatzen du”.
Energiaren Euskal Erakundearen arabera, 2011n martxan jarri zenetik Mutrikuko olatu plantak 2,4 GWh potentzia garbi baino gehiago ekoiztu du Euskal Herriko sare elektrikorako.