Pentsiodunek eskualdeko manifestazioa deitu dute Ondarroan
Mobilizazioa 12:00etan hasiko da, Zaldupe zubitik. Amaieran Hego Euskal Herriko gainontzeko mobilizazioetan irakurriko duten manifestu bera irakurriko dutela aurreratu dute.
Lau urte beteko dira zapatuan [urtarrilak 15] Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua antolatzen hasi zenetik. Eta oraindik ere borrokan ari direla aldarrikatzeko asmoagaz elkarretaratzeak eta manifestazioak deitu dituzte Ondarroan, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Eibarren, Tafallan, Altsasun eta Lizarran. Ondarroan, esate baterako, eskualde mailako manifestazioa egingo dute 12:00etan Zaldupe zubitik abiatuta; Mutrikuko pentsiodunek ere bertan parte hartuko dutela iragarri dute.
Pentsio “duin eta bidezkoen” aldeko protesta Alamedan amaituko dute, eta bertan Hego Euskal Herriko gainontzeko mobilizazioetan irakurriko duten manifestu bera irakurriko dutela aurreratu dute. Urteurren berezia egungo pentsio sistemak dituen gabeziak salatzeko eta ohiko aldarrikapenak kalera ateratzeko baliatuko dutela adierazi dute. “Lan erreformaren aurka eta aplikatu nahi diguten KPI mota berriaren aurkako aldarrikapenak izango dira nagusi. Pentsio publiko duin eta nahikoak, soldata eta lan baldintzak duinak, eta kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak bermatzea ere aldarrikatuko dugu”.
Pentsio erreforma berriaren ondorioz erosteko ahalmena %3 baino gehiago murriztuko zaiela salatu dute
Antolatzaileek Lea-Artibai eta Mutrikuko bizilagunei Ondarroako kaleak betetzeko dei egin diete. Gaur egungo pentsio publikoez gain, etorkizunekoak ere jokoan daudela gogorarazi dute eta horregatik deialdi berezia egin diete belaunaldi gazteenei. “Hau guztia gazteen borroka ere badela azpimarratu nahi dugu. Gazteek ez dute astelehenetako elkarretaratzeetan egoteko aukerarik edukitzen, eta horregatik, zapatuan egingo dugun manifestazioan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu”.
Pentsiodunak kezkatuta daude, eta 2021eko azaroan onartutako pentsioen erreforma kritikatu dute. Diotenez “ez ditu 2011ko erreformako pentsioen murrizketak indargabetzen”, eta, ondorioz, erosteko ahalmena %3 baino gehiago murriztuko zaiela salatu dute. Onartu berri den pentsioen erreformaz kexu da mugimendua; izan ere, beren aldarrikapen gehienak erreformatik kanpo geratu direla diote. “Gutxieneko pentsioek miserableak izaten jarraituko dute, aldarrikatzen ditugun 1.080 euroetatik oso urrun”.
Testuinguru horretan, 2018an PPren Gobernuarekin egin zuten bezala, PSOEren eta Elkarrekin Podemosen gobernuari mugimenduaren oinarrizko eta premiazko aldarrikapenei erantzuteko eskatu diete: “2011, 2013 eta 2021eko erreformen alderdi atzerkoiak indargabetu egin behar dira, eta KPI errealaren igoera berehala aplikatzea eskatzen dugu”. Euren eskaerak lortu arte astez aste herriko plazetan batzen jarraituko dutela gaineratu dute.