Benito Ansola: "Euskal film denak batzen zituen jaialdi bat egitea nahi genuen"
Abade lekeitiarraren bizitza zinemari lotuta egon da beti. Euskal Zine Bileraren sortzaileetako bat izateagatik ezagunagoa bada ere, zinema irakasle ere izan da eta zinema bat ere jarri zuen martxan.
Nondik datorkizu zinemarako zaletasuna?
36ko gerra garaian, faxistak Lekeition sartu orduko, gure familiak irten egin zuen Lekeitiotik. Arreba nagusia Arenasen zegoen beharrean neskame eta anai bat gudari Kalamuan, beste seiak etxean. Etxean geunden seiak aitagaz eta amagaz joan ginen Bilbora. Han umeak ez ginen joaten eskolara, etxean zerbait ikasten genuen. Aitak arotz moduan lan egiten zuen Iturribide kalean, eta handik etxera zetorrela atxilotu egin zuten. Lekeitiar bik salatu zuten, gizatxar bat zela esanez, eta kartzelan sartu zuten. Orduan nik zortzi edo bederatzi urte nituen, eta jatekoa eramaten nion. Iturburu kalean hasi eta Elkanorainoko ibilbidea egiten nuen Urazurrutia, Bilbo Zaharra, San Francisco eta Cantalojas zubitik igarota. Bidean zinema aretoak ikusten nituen. San Francisco kalean azkenerantz Salon Bizkaia zegoen eta Elkano ondoan Ideales zinema, Coliseo Albia, Filarmonica, Campos Eliseos, Buenos Aires, Trueba, Olimpia, Actualidades… . Kartelak jartzen zituzten kanpoan, orduan oestekoak ziren asko. Guretzako denbora pasatzeko aukera zinemara joatea izaten zen, beste entretenimendurik ez geneukan, telebistarik ez zegoen-eta orduan. Hortik sortu zen nire zaletasuna.
“Ikurrina kendu zutenean irten ginen Lekeitiotik eta ikurrina jarri zutenean itzuli ginen Lekeitiora”
Noiz joan zinen seminariora?
13 urtegaz. Urte guztia igarotzen genuen bertan. Urrian joaten ginen, Gabonak etxean, eta horiek pasatuta ekainera arte berriro seminarioan.
Seminarioa amaituta, non egon zinen?
1953an egin nintzen abade. Etxebarrian egon nintzen lehenengo, gero Barinagan, 1968-1969 urteetan Ecuadorren egon nintzen, eta horren ondoren, zazpi urte egin nituen Markina-Xemeinen, 1970etik 1977ra arte. Handik Lekeitiora bidali ninduten. Ikurrina kendu zutenean irten ginen Lekeitiotik eta ikurrina jarri zutenean itzuli ginen Lekeitiora. Ama horregaz akordatzen zen. Lekeitiotik, gero, Durangora bidali nahi izan ninduten, baina 74 urte nituen, eta 75 urtegaz erretiratzeko nengoen. Horrela, azkenean, Lekeition jarraitu nuen. 2002an bialdu zuten parroko Kepa Agirre. Hala ere, umeen doktrina-eta nik eroaten nuen. Orain ere, egunero joaten naiz Ama Dominikarren komentura 09:00etako meza ematera.
Egon zaren leku denetan zinemagaz lotura eduki duzu. Barinagan parroko egon zinenean ere, zinema bat sortu zenuen, adibidez.
Barinagan zegoen abadetxea baserri zahar bat zen, benetan zaharra. Barinagako parrokoa izateko aukeratu nindutenean bota egin genuen, eta berria egin genuen herriak lagunduta eta apezpikuen bidez gobernuen laguntasuna lortuta. Egongela txiki bat egin genuen, behean 80 bat aulki jartzeko modura, doktrina emateko, eta burura etorri zitzaidan zinema modura ere erabiltzea. 16 milimetroko makina erosi eta hantxe ematen genuen zinema negu partean, domekero. Saio bi izaten ziren 15:00etan eta 17:00etan. Bigarren saioa amaituta, Barinagan bertan erromeria egoten zen.
Nondik lortzen zenituen filmak?
Bilbora joaten nintzen. Metro-Goldwyn-Mayer, Twentieth Century-Fox estudioek, esate baterako, banatzaile etxeak zituzten bertan, eta hortik lortzen genituen filmak.
Ze motatako filmak ziren?
Denetarik. Barinagan lauzpabost urtean eman genituen pelikulak, gehienak klasikoak. Siete novias para siete hermanos eman genuenean, saio bi barik hirugarrena jarri behar izan genuen; topera bete zen, lekurik ere ez, eta hurrengo urtean berriro eman genuen. Pelikula oso onak eman genituen.
“Nire ikasle izan zirenek John Ford esaten zidaten; pelikulak azaltzen nituenean, sarri aitatzen nituen John Ford eta haren pelikulak”
Zinema eskolak ere eman izan dituzu.
Eskola Laboraleko zuzendari Julian Olazabalagak eskolan zinema erakusteko proposamena egin zidan. Gauza berria zen, ez dut uste inon egongo zenik zinema eskolak ematen zituen eskola profesional bat. Astean ordu bat edukitzen genuen lehen, bigarren eta hirugarren mailetan. Liburu bi ematen genituen hiru urteetan, oso interesgarriak. Nire ikasle izan zirenek John Ford esaten zidaten. Eskolan zeuden irakasle denei jartzen zizkieten izenak, eta nirea hori zen, kontu egizu, pelikulak azaltzen nituenean, sarri aitatzen nituen John Ford eta haren pelikulak. Batzuk Hitchcock ere esaten zidaten. Badago oraindino amorotar bat, Hitchcock deitzen didana (barrez).
Markina-Xemeinen zine kluba ere sortu zenuten.
Barinagan nengoela parroko, Zinemaren lehen Astea egin zen Markina-Xemeinen. Don Julianek zinemaz zekien abade bat ekarri zuen. Astebeterako etorri zen eskolako mutilei berbaldiak ematera, baita herri mailan gurasoei ere. Bigarren urtean ere berdin, baina aurreko urteko abadeak ezin zuen etorri, eta orduan, nik eman nituen berbaldiak eta pelikulak. Uste dut hiru urtez egin genuela Zinemaren Astea. Hortik sortu zen Markina-Xemeingo zine kluba. Barinagatik joaten nintzen zine foruma zuzentzera. Pelikula ikusi eta solasaldi bat egoten zen ondoren. Don Julianek bialduta Mari Carmen Arrizabalaga eta biok Donostiara joan ginen 1956ko udan hamabost egun, Donostiako zine klubak antolatzen zuen zinema ikastaroetara. Lehen urtean biok joan ginen, Mari Karmenek Mertzedean eskolak emateko. Hurrengo bi urteetan bakarrik joan nintzen. Orduan ezagutu nituen zinemaren sustraiak, eta eskolak emateko ere prestatuago nengoen.
Ze pelikula ematen zenituen zine klubean?
Bi zinema areto egon ziren Markina-Xemeinen, Eskola Laboraleko zinema eta kaleko zinema. Zine kluba eskolakoan egoten zen. Nik neuk aukeratzen nituen pelikulak, eta sarritan 3R kalifikazioa zeukatenak ziren. Bilbora joaten nintzenean filmen bila, batzuk zinemaskopen ziren, pantaila handikoak, eta kaleko zineman ez zegoen zinemaskope sistema ikusteko aukerarik, eta 3R baziren ezin ziren eskolan eman. Aukera bakarra zine klubean ematea zen. 3R-koak zirenez, gero, Don Elias Markina-Xemeingo parrokoarengana joaten zen jendea zine klubean 3R-ko pelikula eman genuela salatzera. «Benito zer?» galdetzen zidan Don Eliasek barrez. Don Elias ona zen, eta nigaz ondo eramaten zen, eta onartu egiten zituen. Hilean film bat ematen genuen zine forumean; sei bat urte iraun zuen.
Lekeition, berriz, Euskal Zine Bilera sortu zenuten.
Ni Lekeitiora etorri baino urte bete aurretik Zestoan zinema topaketak egiten hasi ziren, eta Lekeitiora heldu nintzenean lekeitiar batzuek, eskolan ibilitakoak, galdetu zidaten ea zergatik ez genuen guk ere Lekeition horrelako zerbait egiten. Jon Grande, Jose Luis Amias nire ikasle izandakoak Markina-Xemeinen eta Jose Luis de la Torre Caja de Ahorroseko zuzendariak, laurok antolatu genuen lehen Euskal Zine eta Bideo Bilera. Euskal film denak batzen zituen jaialdi bat egitea nahi genuen.
“Guk sariak emateko dirua eskatu genuen, eta udaletxeak 5.000 pezeta eman zizkigun. Inork ez zuen espero, gero, horren zine bilera famatua izango zenik”
Zelakoa izan zen lehenengoa?
Lehen urtean ez geneukan ezer, eta gure Super 8 pelikulak emateko proiektoreagaz konpondu ginen. Aurreko urtean Zestoan emandako film batzuk eta beste batzuk lortu genituen. Eskas, justu ibili ginen. Atera kontuak, guk dirua eskatu genuela sariak emateko, eta udaletxeak 5.000 pezeta eman zizkigun. Inork ez zuen espero, gero, horren zine bilera famatua izango zenik. Caja de Ahorrosa izan zen hasieran gehien lagundu ziguna, Jose Luis de la Torre zegoelako. Gero aldundia, Jaurlaritza eta udala laguntzen joan ziren.
Gaur egun Lekeitioko Udalak antolatzen du jaialdia, baina zuek zenbat urtez antolatu zenuten?
30 urtez. Jon Grandek eta Jose Luis Amiasek itxi zuten, eta beste zazpi geratu ginen. Antolaketak lan handia eskatzen du. Hirugarren urtetik aurrera, udan izan ezik, astero batzen ginen, barikuetan, zer egin behar genuen erabakitzeko. Kartak egin behar ziren aurkeztutakoei, programazioa eratu, zeintzuk baldintza bete behar ziren… Gainera, dirua lortu behar da, eta dirua eskatu behar zenean ni joaten nintzen. Gainera, dirua gehitu beharrean, urte batzuetan gutxitu egin ziguten. «Benito, hala, joan zaitez aldundira edo Jaurlaritzara azalpen bila», esaten zidaten besteek, ni abadea nintzenez hobeto hartzen ninduten eta. Baten edo bitan Gasteizera ere joan nintzen zer gertatzen zen galdetzera. Horrela, 30 urte bete genituenean, nahikoa egin genuela eta, amaitzea erabaki genuen.
Baina zuk jarraitu egin zenuen, ezta?
Irratian galdera batzuk egiten ari zirela esan nuen ez genuela gehiago antolatuko, eta alkateak deitu zidan. «Euskal Herrian jada ezaguna den jaialdia zelan utziko dugu ba?». Nik esan nion gure arazo nagusi biak konpontzen bazituen, idazkari baten premia kontuak eraman eta izapideak egiteko eta diruarena, beti eskeko bat legez ibiltzen nintzen eta, zuzendari modura jarraituko nuela. Niri laguntzeko Zuberogoitia ere sartu zen, eta De la Torrek ere jarraitu zuen. Gaur egun gutxi egiten dut. «Etorriko zara, baina, sariak ematera», esaten dit alkateak, eta horretara joaten naiz bakarrik.
“Imanol Uribe zuzendariak esan zuen ni ezagutu ondoren Mikelen heriotza pelikulako apaizaren izaera aldatu egin zuela. Bigunago jarri zuen, liberalago”
Zinemagilea izateaz gain, aktorea ere izan zara. Mikelen Heriotza-n parte hartu zenuen.
Bazekiten ni zinemazalea nintzela, eta Lekeitioko mutil bat etorri zitzaidan elizan grabatu nahi zutela eta. Ez nien arazorik jarri, eta apur bat liberala nintzela begitandu zitzaien, harritu egin ziren. Pelikulan abade nagusiaren abade laguntzaile papera egin nuen, enterruko momentuan. Lehenengoz proiektatu zenean egin zioten elkarrizketan, Uribek esan zuen ni ezagutu ondoren pelikulako apaizaren izaera aldatu egin zuela. Bigunago jarri zuen, liberalago.
Iaz Zinebin estreinatu den dokumental baten protagonista izan zara, El Tesoro de Benito.
2020an Josi Sierrak dokumental bat aurkeztu zuen Mikel Zarate abadeari buruz. Bazekienez nik Zarategaz hartu-emana eduki nuela, niri ere elkarrizketa bat egin zidan hari buruz. Zinebin eman zuten dokumentala, eta joan nintzen aurkezpenera ere, eta berba batzuk ere esan genituen nik eta beste batzuek. Dokumental bat egitea fikziozko film bat egitea baino errazagoa dela esan nuen, baina ondo dokumentatzea ez dela horren erraza. Arrisku bat dago, dokumental bat beti egiten da-eta bat hilda dagoenean. Sierrak orduan ez zidan ezer esan, baina pilota hori jaso zuen, eta dejada egin zidan hurrengo, «zu bizirik zaudela, zuri buruzko dokumentala egingo dut» esanez. Nik pentsatu nuen nire bizimoduari buruzkoa izango zela, baina dokumentalean nik egindako filmeei buruz egiten dugu hizketan. Jose Julian Bakedano zinemagileak egiten dizkit galderak, eta nik erantzuten dizkiot. Ez dugu amaitu, baina. Bigarren atal bat izango du, El Padrino I eta El Padrino II bezala (barrez). Orain, nire bizitzari buruzko dokumentala egin nahi du, eta hor sartu du nire loba-iloba bat. Ikus-entzunezkoak ikasi ditu unibertsitatean, eta antzerkian gauzak egiten dabil. Ilobak zerrenda baten zituen galderak bere amari, nire lobari aterata. Erantzun gehienak prest ditut, baina oraindik ez dugu grabatu.
“Musika klasikoa dut gustuko, Beethoven, Bach… Disko asko eduki ditut. Markina-Xemeinen egon nintzenean CD eta disko handiak zenbatuta ehun bat sinfonia edukiko nituen”
Egia da pelikula sorta ederra filmatu duzula. Zelan animatu zinen filmak egitera?
Euskal Zine eta Bideo Bilera egiten hasi ginenean, nik ere, jendea animatzeko, filmak egitea erabaki nuen. Lekeition eta kostaldean orokorrean, errez erosten izan dituzte filmagailuak, Kanariar Uharteetan, esate baterako. Pentsatu nuen, Lekeition legez, beste leku batzuetan ere egongo dira horrelako makinak dituztenak. Bakarrik bataioak edo ezkontzak grabatzeko erabili barik, herriko ondare edo kultur kontuak grabatu eta pelikula oso politak egin daitezke. Nire lehen pelikula Huescako herritxo batean grabatu nuen. Hecho izeneko herrian eskulturak egiten dituzte, harria eta mantenimendua herriak ordaintzen du, eta bertan geratzen dira eskulturak. Horri buruz izan zen lehen dokumentala. Horrela, urtero pelikula bat egiten nuen, jendea animatzeko. Ez perfektu-perfektu, afizionatu mailakoak dira.
Zinemarako duzun zaletasunagatik zara ezaguna, baina badaukazu beste zaletasunik?
Lehenengo eta behin naiz artzaina, abade, parroki baten laguntzen duena kristau sinesmenean. Horrez gain, zinemazalea naiz, baina musika eta arte zale handia ere bai. Musika klasikoa dut gustuko, Beethoven, Bach… Disko asko eduki ditut. Atera kontuak, Markina-Xemeinen egon nintzenean CD eta disko handiak zenbatuta ehun bat sinfonia edukiko nituen. Audiofonoak jarri arte asko gozatzen nuen musikagaz, baina horrek jarri ondoren, ez. Nire lobari eman nizkion aparatua eta diskoak, eta beste bati CDak. Zinemaren bidez jazz musika ere ezagutu nuen, eta asko gustatzen zait. Musikalak ere gustatzen zaizkit: Cantando bajo la lluvia, My fair lady, West Side Story…asko daude onak.
“Abade batek pertsona orok dituen ezagutzak izan behar ditu. Pertsona izaten laguntzen digun guztia: pintura, musika, arkitektura… dena”
Euskal musikari dagokionez, zer duzu gustuko?
Guridi, esate baterako, eta Euskal folk kantuak ere bai. Labegerieren disko txikiak nituen, eta ikurrin bat zegoen euretako batean. Markina-Xemeinen nengoela parroko, nire etxea miatzera etorri ziren Guardia Zibilak goizaldean. Amaren logela errespetatu zuten bakarrik, beste guztia miatu zuten, eta Labegerieren diskoan ikurrina ikusi eta eraman zuten.
Artea ere gustuko duzula diozu.
Bilboko Arte Ederren Museoko eta Guggenheim museoko bazkidea naiz. Orain, pandemiagatik, ez naiz joaten, baina bazkide txartela daukat, eta nahi dudanean sartu naiteke. Abade batek pertsona orok dituen ezagutzak izan behar ditu. Pertsona izaten laguntzen digun guztia: pintura, musika, arkitektura… dena.
Sari desberdinak jaso dituzu zure ibilbidean.
Elizbarrutiak eman zidan opari bat apezpikuaren izenean eta Aita Santuaren izenean zinemaren bidez fedean eragiteagatik. Donostian, berriz, Amalur Saria eman zidaten, zinemagatik egindako lanagatik.