Kalitatezko osasun zerbitzu unibertsala "beharrezkoa" dela aldarrikatu dute
Gehiengo sindikalak deituta, Ondarroa, Mutriku eta Lekeitioko Osakidetzako Lehen Mailako Arretako osasun zentroetan elkarretaratzeak egin dituzte langileek. Pentsiodunek ere bat egin dute deialdiagaz. Urtarrilaren 23an hiriburuetan egingo diren manifestazioetara joatera deitu dute sindikatuek.
Agintariak jo dituzte egoeraren erantzule zuzentzat, “benetako pandemia” egoera honetan “mantendutako politikarena” dela esanez. Pandemia hasi zenetik bi urte pasa direla eta agintariak oinarrizko zerbitzuak ganoraz indartzeko “gai izan ez direla” adierazi dute, eta gehitu dute “behar bezalako” osasungintza publikoa posiblea zela eta izango dela. Horren harira, egungo politika “pribatizatzaileak” salatu dituzte: “Agerian geratu dira osasungintza publikoa kudeatzeko erabiltzen ari diren politika pribatizatzaileak: inbertsio eza, osasun zerbitzuak gainezka, prekarietatea, zerbitzuak bertan behera”.
Kalitatezko osasun zerbitzu unibertsala «benetan ezinbestekoa» duten zerbitzua dela aldarrikatu eta eskatu dute. «Behar bezalako osasungintza publikoa posiblea zen, da, eta izango da. Arduradun politikoek kudeatzen duten dirua denona da: jarri behingoz denon zerbitzura. Utzi inork eskatu ez dituen obra erraldoiak alde batera, utzi osasun enpresa pribatuen aldeko apustu garbiak, eta hasi denon osasuna eta bizitzak bermatzeko benetako inbertsioa egiten».
Hiriburuetara joateko deia. Urtarrilaren 23an hiriburuetan egingo diren manifestazioetara joateko deia egin dute sindikatuek: “Ezinbestekoa da denon osasun sistema gure indar guztiekin babestea. Guk ez badugu egiten, inork egingo ez duelako. Batu ditzagun indarrak lanean, kalean, eskolan, familian edota lagun artean”.