Mutrikuko sarrera eta inguruak asfaltatzen hasi dira
Lanak datorren astean amaituko dituzte bide zoruaren seinalizazio horizontalaren pintaketarekin.
GI-638 errepidean zolua aldatzeko lanak eguaztenean [urtarrilak 12] hasi zituzten Excavaciones y Transportes Orsa S.L. enpresako langileek. Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek jakitera eman dutenez Txanbolingo biribilgunearen eta Txirritxako biribilgunearen arteko lurzorua birgaituko dute egunotan; guztira 820 metro berriztuko dituzte. Lanei esker herriko sarrera hobetuko dela adierazi dute. “Gipuzkoako Foru Aldundiak bere errepide sareko bide zoruak konpontzeko duen kontratu barruan kokatzen da obra hau”.
Jakitera eman dutenez gaur egun dagoen geruza fresatu egingo dute eta 6 zentimetroko lodierako geruza bat eta 5 zentimetroko beste errodadura geruza bat aplikatuko dituzte. “Bide zoru konponketa lanak egin aurretik 350 metroko areka eta hiru kutxatila berriztuko dituzte tarte horretan”.
Egunotan, Txanbolingo biribilgunetik hasi eta Galdonako bidegurutze tartean ari dira lanean, eta bien bitartean, zirkulazioa txandaka ari dira zuzentzen obra egiten ari diren langileak. Hurrengo egunetan, berriz, Galdonako bidegurutze paretik Txirritxako biribilgunera doan zatiari ekingo diote.