Urtarrilaren 16a da Mutrikuko Emakumezkoen Pala Txapelketan izena emateko azken eguna
Aurten berritasun modura bi mailatan banatuta jokatuko dute txapelketa. Izena ematerako orduan 30 euro ordaindu behar dira bikoteko; bakarka izena emateko aukera ere badago, antolakuntza ahaleginduko da bikotea osatzen.
Mutrikuko Emakume Palistak elkarteak bigarrenez antolatu du binakakako txapelketa. Lehen norgehiagokak otsailaren 6an jokatuko dituzte Miruaitz frontoian, eta emakumepalistak@gmail.com posta elektronikora idatzita edo 690 63 20 57 telefono zenbakira deituta edo whatsapp mezu bat bidalita izena eman daiteke. Antolatzaileek gonbidapen zabala egin diete herriko, eskualdeko eta inguruetako herrietako palistei eta zaleei. “Dagoeneko Mutriku, Ondarroa, Berriatua, Deba, Elgoibar eta Zumaiako hamar bikotek izena eman dute txapelketan”.
Ohi modura, teniseko pilotarekin jokatuko dute txapelketa. Aurten berritasun modura bi mailatan banatuta jokatuko dute. “Maila bakoitzeko oreka bermatzeko asmoarekin sortu dugu bigarren maila. Batez ere, parte hartzea sustatzeko sortu dugu maila berria; jendeak ondo pasatzea eta kirola bultatzea nahi dugu, eta horretarako ez dago zertan sekulako maila eduki beharrik”. Gaineratu dute izena ematerako orduan bikoteek zehaztu egin beharko dutela zer mailatan jokatu nahi duten.
Esan dute ez dagoela zertan bikoteka izena eman beharrik. Bakarka izena ematen dutenek aurrelari edo atzelari postuan jokatu nahiago duten eta zer mailatan jokatu nahi zehaztu beharko dute izena ematerako orduan. Antolakuntza ahal denik-eta bikote parekatuenak sortzen ahaleginduko da, bakarka izena ematen duten parte hartzaileen maila kontuan hartuta. Domeka arratsaldetan jokatuko dituzte partidak. Ligaxka bat jokatuko dute lehendabizi, eta ondoren azken faseari ekingo diote. “Izena emanda dagoen bikote kopuruaren arabera luzeago edo motzago izango da ligaxka”.