Javier-Larrazabalek, Eñaut-Iparragirrek, Naroa-Eneritzek eta Antxon-Manzik irabazi dute 2021eko Xistera Zirkuitua
Finala jokatu duten mutrikuar guztiek lortu dute txapela. Zale asko batu dira Uniko harmailetan, zesta gosez zeudela erakutsiz. Antolatzaileek pilotariek erakutsitako inplikazioa azpimarratu dute.
2021eko Xistera zirkuitua goi-goitik amaitu da gaur [urtarrilak 15], Markina-Xemeingo pilotaren Unibertsitatean. Zale asko batu dira harmailetan, zesta gosez, zesta gogoz zeudela erakutsiz. Eta kantxan, puntistek ere gogo beragaz lehiatu dituzte finalak: mutilen hirugarren eta bigarren mailako eta nesken eta mutilen lehen mailako txapeldunak erabaki dira 16:30etik aurrera.
Urduritasunak markatu du mutilen 3. mailako finala. Bonin eta Cabanillas faborito argiak ziren, baina ez dute euren jokoa egin, eta Javier eta Larrazabalek eskuratu dute txapela bi setak irabazita (7-15 eta 8-15). Eñaut eta Iparragirre mutrikuarrek erraz irabazi diete Aitzol eta Garateri mutilen 2. mailako finala. Bi setetan eskuratu dute partida: 15-5 eta 15-4. Faboritoak ziren, eta ondo irabazi dute.
Nesken lehen mailako finaleko txapela ere Mutrikura joan da. Maitek eta Naiak (Berriatua) baino hobeto kudeatu dute presioa Naroak eta Eneritzek (Mutriku), eta bi setetan nagusitu dira, 7-15 eta 14-15eko markagailuekin. 2019ko garaipena errepikatu dute. Antxon-Manzi eta Bixente-Urangaren arteko lehen mailako finala estuago joan da. Hirugarren setean erabaki da. Zumaiarrak eta Iparraldekoak 13-15 irabazi dute lehenengo seta eta etxebarritarrak eta mutrikuarrak 15-10 bigarrena. Hirugarren setean 5-3ko markagailuagaz jantzi dute txapela gorriek.
“Oso ondo joan da guztia. Finalek oso ondo irten dute, eta jende asko batu da pilotalekuan. Zaleak zesta gosez zeuden”
Josu Mugartegi Atain Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolako presidenteak pilotariek zirkuitua hasi zenetik amaierara arte erakutsi duten inplikazioa nabarmendu du. “2020ko hutsunea eta gero, gogoz zeuden jokatzeko, eta asko inplikatu dira”, adierazi du. Jendeak ere ezin hobeto erantzun duela ikusita, pozik agertu da: “Oso ondo joan da guztia. Oso ondo irten dute finalek. Ez da markina-xemeindarrik egon finaletan, eta harmailetan jende asko batu da. Horrek erakusten du zaleek zeukaten zesta gosea”.
Lanerako prest. Zaleei ahalik-eta hobetoen erantzuteko, lanean jarraituko dute elkarteek: “Gu prest gaude lanerako; gauza asko daude egiteko, eta gogotsu gaude aurrera jarraitzeko”. Aitor Txurruka Xisterako presidenteak finalak jokatu aurretik esan modura, 2022ko Xistera zirkuituak 2019koaren eredua berreskuratu ahal izatea nahiko luketelea azpimarratu du Mugartegik.