Eliteko zesta-punta, astelehen gauetako ikuskizuna
Urtarrilaren 29an hasiko dute Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian lehiatuko duten Jai Alai Winter Series txapelketa. Lehenengo eta azken norgehiagokak asteburuz jokatu arren, beste guztiak astelehenetan izango dira.
Astelehen gauak eliteko zesta-puntaren ikuskizun bilakatuko dira ETB1en. Urtarrilaren 29an hasi eta martxoaren 20an amaituko dute astelehen gauero Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian lehiatuko duten Jai Alai Winter Series txapelketa.
Astelehen gauetan ETBn zuzenean eskainiko dituzte partiduak, lehenengo jardunaldia eta finala izan ezik. Urtarrilaren 29an 22:00etan izango dira lehen norgehiagokak, eta finala martxoaren 20an, 12:00etan jokatuko dute. Txapelketa bederatzi jardunaldikoa izango da, eta ETB1en, eitb.eus-en eta ETB Basque kanalean ikusi ahalko dira. “AEBetan zestak duen sonari erantzunez, EiTBk leiho bat zabalduko du partida hauek euskal diasporak eta, oro har, Euskal Herritik kanpo dauden zaleek ikus ditzaten”, azaldu dute antolatzaileek.
Barikuan aurkeztu zuten txapelketa EiTBn, eta beste batzuren artean, bertan egon ziren Aimar eta Ibon Aldazabal berriatuarrak, Aritz Erkiaga ispastertarra eta Jon Zabala markina-xemeindarra.
Joseba Urkiola EiTB Mediako Kirol zuzendariak ondoetorria eman die Miamin aritu diren puntistei, eta komunikazio taldeak duen zesta-punta bultzatzeko konpromisoa adierazi die: “Etapa berri honetan bidelagun izango gaituzue”.
Euskal Herrian zesta-puntan jokatzeko sortzen diren aukeren “bultzatzaile eta aliatu” izan gura dute. Izan ere, AEBetako zesta-puntaren azken gotorlekua izan den Miamiko Daniako frontoia zarratzeak euskal puntisten aukerak murriztu ditu, eta EITBk profesional horiei Euskal Herrian lehiatzeko aukera eman gura die. Hala adierazi du Urkiolak: “Miamin apurtutako ametsa eta utzitako arrasto garrantzitsua Euskal Herrian berreskuratzen saiatuko gara”.
Aurretik, dokumentala. Txapelketa lehiatzen hasi aurretik, behin betiko itxi den Miamiko Dania frontoian jokatzen aritu diren pilotariei buruzko Jai Alai: Azken hegaldiadokumentala proiektatuko dute gaur eta urtarrilaren 24an, 22:30ean; bi ataletan banatuta eskainiko dute.
Daniako frontoiaren itxiera “inflexio puntua” izan da euskal pilotaren historian. Izan ere, 120 urtez munduko hainbat txokotako frontoietan lehiatzen ibili eta gero, sorterrira itzuli dira puntistak. Dokumentalak, hain justu, Daniako pilotariak izango ditu protagonista. “Pilotarion etxerako bidaiak zesta-puntaren aro berriari emango dio hasiera”.