Hiribilduaren 700. urteurrena prestatzen hasi dira Lekeition
Lehenengo pausoa Ondare batzordearekin biltzea izan da, talde hori oinarri izango dute-eta antolaketarako.
Lekeitioko hiribilduak 700 urte beteko ditu 2025eko azaroaren 3an. Urruti dagoen data bat bada ere, dagoeneko urteurren berezi horren prestakuntzekin hasi nahi du Lekeitioko Udalak. “Azken bi urteetako pandemia egoerak atzeratu egin du batzordearen eraketa, baina urtarrilean lehenengo pausoak eman nahi dira, proiektuari indarra ematen hasteko”, azaldu dute.
Lehenengo pausoa Ondare batzordearekin biltzea izan da, talde hori oinarri izango dute-eta antolaketarako. “Bertan Lekeitioren historian adituak biltzen dira, urteetan gure herriaren inguruko hitzaldiak, artikuluak eta liburuak idatzi eta urtero Lekeitioren urteurrenean parte hartu dutenak. Haien ezagutzak kontuan izanda, urteurrenaren eraketan kide garrantzitsuak izango dira”. Jakinarazi dutenez, aurrerago, Lekeitio 700 batzordea osatuko dute, herriko beste eragile batzuen parte hartzeagaz. “Oraindik urte batzuk falta badira ere, tamaina honetako ospakizun batek lan handia eskatzen du eta, baita, jende askoren parte hartzea”.
Zapatuan [urtarrilak 15] egin zuten lehenengo bilera, eta bertan proiektuaren hasierako pausoak eman zituzten iritziak eta proposamenak elkarbanatuz eta urteurrenaren lehenengo azterketa burutzen hasi ziren. “Begirada 2025ean jarrita daukagu, Lekeitioko hiribilduak 700 urte beteko dituen unean, eta horren prestaketa lanei hasiera eman nahi zaio”.
Historia. Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andereak 1325. urtean eman zion Lekeitiori hiribilduaren sorrera-gutuna, eta ordutik, azaroaren 3an, Lekeitioren urteurrena ospatzen da. Aurten eta bost urte barru, 700 urte beteko dira baita ere Bizkaiko Andereak Portugalete (1322) eta Ondarroa (1327) hiribilduak sortu zirenetik. Hori dela eta, Lekeitiok bere ordezkaritza bidali zuen Portugaleteko urteurrena hurbiletik ezagutzeko eta 2022an egongo diren ospakizunen berri izateko. Horrela, 2021eko ekainaren 11n, Portugaleteko (1322), Lekeitioko (1325) eta Ondarroako (1327) alkateek senidetze sinbolikoa egin zuten, Mª Díaz de Harok hiru itsas hiribildu horiek sortu zituenetik 700 urte igaro direla gogoratuz.