Markina-Xemeingo EH Bilduk 2022ko aurrekontuari ezezkoa ematearen arrazoiak argitu ditu
EH Bilduren ustez, "inoizko aurrekonturik handiena izateak ez du esan nahi aurrekontu egokia denik".
2022ko aurrekontuaren aurkako botoa eman du Markina-Xemeingo EH Bilduk. Azaldu dutenez, ez daude EAJk aurkeztutako “aurrekontu osoaren kontra”, baina “iluntasun asko” ikusi dizkiote.
Diotenez, Markina-Xemeingo eta Etxebarriko EAJk Gure Ahotsa aldizkarian azaldu zuten, udalerri biek, inoizko aurrekonturik handiena izango zutela 2022an. Beraz, “guztia erabakita” bazeukaten zeri buruz nahi zuten eurekin hitz egin galdetu dute EH Bildukoek. EH Bilduren ustez, gainera,”inoizko aurrekonturik handiena izateak ez du esan nahi aurrekontu egokia denik. Zertarako eta zelan erabiliko diren diru sailak, hori da funtsezkoa”.
“EAJren egiteko modua diru publikoaren erabileraren irizpide eta etika faltaren ondorioa da”
Bestalde, ukatu egin dute lehen aurrekontu parte-hartzaileak direnik: “Lehendabiziko aurrekontu parte-hartzaileak direla ere saldu du EAJk, baina ez da egia. Aurtengoa lehen galdetegia izango zen agian, baina aurretik ere sortu izan dira parte hartzeko foroak, adibidez, batzar zabalak”. Diru sail batzuen azalpenak aurrekontuak onartzeko osoko bilkuran bertan eman dituztela ere gaineratu du EH Bilduk; “batzordeetan ez beste inorekin eztabaidatu eta landu gabe”. Eta, koalizioaren ustez, herritarren artean zabaldutako galdetegi horren emaitza ez da onartutako aurrekontuetan islatzen: “Beraz, zertarako egin da gero kontuan ez bada hartu?”, galdetu dute.
Markina-Xemeingo EH Bilduren ustez, “EAJk darabilen egiteko modua ez da ona herritarrentzat”: “Diru publikoaren erabileraren irizpide eta etika faltaren ondorioa da. Besteak beste, osasunean, hezkuntzan eta oinarrizko beharrizanetan dauden izugarrizko hutsuneak ez baleude bezala jokatzen du, eta guztiona den dirua edozertarako erabiltzen da, bai Europan, bai Madrilen, bai Gasteizen baita hemen ere. Alkateak ahoa bete zuen diru laguntza asko lortu zituela esanez, baina ze beharrizan dauka herriak eta ze proiektu landu dira?”.
“Diru laguntzen arabera egiten dituzte proiektuak, eta horrek beste era batera izan beharko luke”
Koalizioaren iritziz, “diru laguntzen arabera egiten dituzte proiektuak, eta horrek beste era batera izan beharko luke: lehendabizi azterketa egin herrian, beharrizanak detektatu, lehentasunak ezarri, baliabideak bilatu eta egin”.
Proiektuz proiektu. 2022ko aurrekontuko proiektu zehatz batzuen gaineko iritzia ere eman dute. Esate baterako, azaldu dutenez, “kiroletako 2 milioi euroko aurrekontua instalazioak hobetzera bideratuko da oso-osorik, baina ez da kirol jardueren inguruko lanketarik egin”. Are gehiago, esan dute “Kirol Batzordean ez dela ezer komentatu”.
Esan dutenez, Esperantza eraikinean 300.000 euro gastatzea aurreikusten da, baina egingo diren lanen inguruko proiekturik ez dute ikusi: “Ez daukagu hor egin nahi denaren informaziorik. Hala ere, lehendabizi eraikin publikoen inguruko azterketa egin beharko litzatekeela uste dugu, horiek optimizatzeko”.
Auzoetan inbertitzea “funtsezkoa” dela azpimarratu dute, baina ez dute ikusten Meabeko oinezkoentzako bidea ibilgailuentzat egokitzeko beharrik
Auzo bideetan, eta orokorrean, auzoetan inbertitzea “funtsezkoa” dela ere azpimarratu dute, baina ez dute ikusten Meabeko oinezkoentzako bidea ibilgailuentzat egokitzeko beharrik: “Horretarako ia 100.000 euroko diru saila bideratu du udalak. Premia larriagoak daude auzoetan”. Eta, horregaz lotuta, udalari galdetu diote “ea aspaldian egin duen auzo-bilerarik”.
Azkenik, MarkArte jaialdirako 30.000 euroko diru saila eta Uhagon kulturgunerako urte osorako 40.000 euro jartzeko erabakia non eztabaidatu den eta zeren arabera erabaki den galdetu dute. “Kultura batzordean ez da horren inguruko eztabaidarik egon, beraz, nondik dator erabaki hori?”.