Martin-Foster eta Rober-Egaña bikoteek batu dituzte Beteranoen Txapelketako bigarren jardunaldiko puntuak
Txapelketako bi partida jokatu ziren atzo [urtarrilak 16] Lekeitioko Trinketean. Praderak belaunean uzkurdura bat nabaritu eta partida bertan behera utzi behar izan zuen.
Hiru partida jokatzea aurreikusita bazegoen ere, Beteranoen Trinketeko Esku Pilota Txapelketako partida bi jokatu ziren atzo [urtarrilak 16] Lekeitioko trinketean. Antolatzaileek azaldu dutenez, Gandiaga anaiak eta Malax-Madariaga bikoteen arteko norgehiagoka atzeratu egin behar izan zuten urtarrilaren 28ra, jokalari baten osasun arazoak gaitik.
Horrela, Martin-Foster lekeitiarrak eta Asti (Deba)-Beraza (Elgoibar) bikoteak neurtu ziren lehenengo, eta lekeitiarrek lortu zuten garaipena (30-23). Ondo hasi ziren lekeitiarrak (3-0), eta Astik egindako hutsegite bat aprobetxatuta 13-6 jarri ziren aurretik markagailuan. Lasai ibili ziren lekeitiarrak, Martin dominatzen sakez eta txaflanagaz eta Foster ondo estaltzen atzea eta eskuma. Baina aurkariak ere ez zeuden partidari ihes egiten uzteko. Horrela, Asti, apurka-apurka hobetzen hasi zen, eta naiz eta 16-8 galtzen joan, Berazak eskuman egindako tanto batzuei esker abantaila murrizten joan ziren 16-13 jarriz. Baina Lekeitiokoek ere ez zuten amore emateko asmorik, eta berriro ere abantaila hartuz, 19ra heldu ziren. Eta, orduan, Astik dejada zoragarri bategaz, eguneko jokaldi onena egin zuen 14. tantoa lortuz. Martinek biziki zoriondu zion txapelketako beteranoari (67 urte) bere grina eta jakinduria. Bikoteak 4- 5 tantoko aldeagaz mantendu ziren, baina irabazleak 28-20an jarri, eta naiz eta debarra eta elgoibartarra biziki ahalegindu, 30-23 amaitu zuten.
17-8an geratu zen Rober-Egaña eta Jaunarena-Pradera bikoteen arteko partida. Lehen tanto ikusgarrien ondoren, Jaunarena eta Pradera 2-5 jarri ziren, baina tanto horretan Praderak belaunean uzkurdura bat nabaritu zuen, eta errenka gelditu zen. Hala ere, jokatzen jarraitu zuen, baina mina zuenez, 17-8 heldu zirenean, partida bertan behera utzi behar izan zuen. Puntua, beraz, Rober eta Egañarentzat izan zen.
“Pena handia tanto ederrak ikusten geunden-eta. Jaunarena eta Pradera agintzen aritu ziren, Jaunarena, bere efektuak erabiliz tanto bikainak eginez eskumako horman, eta Pradera pilota sarera maisuki bidaliz eta teilatu gainetik atzeratuz. Beste bikotea ere ez zen atzean gelditzen; Roberrek abiadura eman eta Egañak ondo defendatuz, partidu orekatua eskaintzen egon ziren”, azaldu dute txapelketaren antolatzaileek.