Hirugarren mendi erronka abiarazi dute Ondarroan
Udal kirol sailak Aurrera Mendi Taldeagaz elkarlanean abiatu duen erronka berriaren helburua da herritarren artean kirola sustatzea.
Udal kirol sailak eta Aurrera Mendi Taldeak beste behin ere mendiak igotzea planteatu diete herritarrei. 2014ko Kalamendira egunero baietz eta 2016ko 100 ondarrutarrek baietz 10 mendi igo 2016an erronkek izandako arrakastak ikusirik, esperientzia errepikatzea erabaki dute. Esan dutenez, aurreko urteetako “modu beretsuan” burutuko dute erronka. Parte hartu nahi dutenek mendiren bateko tontorrera igo, argazki bat atera eta komunikazioa@ondarroa.eus posta elektronikora bidali beharko dute, “ahal bada argazkian agertzen direnen izenekin eta dagokion mendiaren izenagaz”.
Jasotako argazki guztiak gero, Ondarroako Udalaren facebookeko orrialdeko Mendi Erroka 2022 argazki albumean joango dira argitaratzen. Egitasmo berria hasi besterik egin ez bada ere, herritarrek dozena bat argazki inguru bidali dituztela esan dute udal iturriek.
Hilero zozketa bat egingo da bidalitako argazki guztien artean, eta urte amaieran, zozketa berezi bat
Erronkaren beste helburuetako bat ingurua ezagutuz kirola egitea dela gaineratu dute. Hori dela eta, antolatzaileek ez dute nahitaez igo beharreko mendirik ezta inolako gutxiengorik ezarri. Hilero zozketa bat egingo dute bidalitako argazki guztien artean; herrian erabiltzeko 100 euroko bonua irabazteko aukera izango dute irabazleek.
Antolatzaileek, gainera, otsailetik aurrera hilero mendi bat igotzea proposatuko diete herritarrei. Zailtasun ezberdineko 11 mendiko zerrenda bat prestatu dute, eta horietakoren bateko tontorrean aterako argazkiak bidaltzen dituztenen artean zozketa berezia egingo dute urte amaieran. “Gomendatutako mendiak ez dira zertan hilabetean bertan igo; otsailean gomendatutako ekainean igotzeak ere balioko du. Zenbat eta gomendatutako mendi gehiago igo, aukera gehiago urte amaierako zozketa berezia irabazteko”.
PROPOSATUTAKO MENDIAK: