Bizkaiko Foru Aldundiak 1.100.000 euroko aparteko laguntza prestatu du lehen sektorerako
Aparteko diru laguntzen berri ematean esan dute lehen sektorean COVIDaren pandemiak sortutako krisia "arintzen laguntzeko" helburuagaz emango dituztela aparteko diru laguntzak.
Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du lehen sektoreari zuzendutako ezohiko laguntzen lerro berri bat amaitzen ari dela, COVID-19ak sortutako krisiaren “ondorioak arintzen saiatzeko”. Laguntza horiek urteko lehen hiruhilekoan argitaratuko dituztela eta 1.100.000 euroko aurrekontua daukatela jakinarazi dute.
Lehen sektoreko nekazariek, abeltzainek eta ekoizleek izan ditzaketen galera ekonomikoak “arintzen” laguntzea eta Bizkaiko nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritutako ehun ekonomikoa “mantentzen” laguntzea da aldundiaren helburua.
Honako azpisektore hauetara bideratuko dituzte diru laguntzak: esnetarako eta haragitarako behiak; ardiak; ahuntzak; untxiak; txerriak; arrautzatarako oiloak eta gizentzeko oilaskoak; erruteko hegaztiak; zezenketarako azienda; sagardoa egiteko sagarren ekoizpena; sagardoaren ekoizpena; mahastizaintza eta barazkien ekoizpena. “Pandemiaren ondorioek ahulduta utzi dute lehen sektorea, eta ziurgabetasun kezkagarrian murgilduta. Osasun-krisiak ekoizpen-sektore horretan izan zituen ondorioak, hasiera batean errenta-galera ekarri zutenak konfinamenduaren eta merkaturatzeko biderik ezaren ondorioz, hedatu egin dira denborak aurrera egin ahala”, azaldu dute.
Diotenez, merkaturatze-bideak “berraktibatu” ahal izan diren arren, beste ondorio batzuk ere izan dira, adibidez lehengaien eta energiaren prezioaren «igoera nabarmena”, merkatuen “ezegonkortasuna”… Horregatik guztiagatik hartu dute dirulaguntzen ezohiko lerro berri hau abiaraztearen erabakia, “2020an helburu berarekin abian jarri zituen bi deialdiekin bat eginez”.
Hain zuzen ere, aurreko bi aldi horietako datuak ezagutara eman dituzte. Itzuli beharrik gabeko laguntzak ezarri zituzten, “768.684 eurokoak, guztira”. Zenbateko horren zatirik handiena, 415.000 euro, lehen lerroan banatu zuten, eta honako azpisektore hauei zuzenduta garatu zen: sagarren ekoizpena; sagardoaren ekoizpena; mahastizaintza; apaindura-landareen ekoizpena; nekazaritza-turismoko ustiategiak, ardi- eta ahuntz-azienda eta zezenketarako azienda.
Ondoren, esnetarako eta haragitarako behiei laguntzeko 353.684 euroko bigarren dekretu bat argitaratu zuten. Laguntza horien bidez, haragitarako 89 behi-ustiategi, esnetarako behi-azienden 83 ustiategi, ardi- eta ahuntz-azienda duten 52 ustiategi, 62 mahastizain, 34 sagar eta sagardo ekoizle, 12 landare apaingarriren ekoizle eta nekazaritza-turismoko 21 ustiategi artatu ziren.