Eider Lekubek irabazi du Mutrikuko Jabekuntza Eskolaren logotipo lehiaketa
Aurkeztutako lanagatik 400 euroko saria eraman du sortzaile mutrikuarrak.
Bidea egiten hastear dagoen Lotune Mutrikuko Emakumeentzako Jabekuntza Eskolak badauka logotipoa. Guztira, zazpi lan aurkeztu dira lehiaketara, eta horien artean Eider Lekube San Martin mutrikuarra izan da irabazlea. Egilearen arabera, emakume desberdinen bizipenak, batura, unea eta ibilbidea moduko ezaugarriak transmitutu nahi izan ditu egindako diseinuarekin.
Antolatzaileek sariketari buruzko balorazio positiboa egin dute. “Bakarka zein taldeka aurkeztutako zazpi lan aurkeztu dituzte lehiaketara; guztiak ere herriko emakume sortzaileenak”.
Zapatuan [urtarrilak 22] jarriko da martxan proiektua, eta iragarri dute talde motorea osatzeko lehen bilera egingo dutela; 11:00etan Zabiel kultur etxeko ganbaran batzeko deia egin dute. “Lehen hiruhileko programazioa adostuko da bertan”.