Iazko aurrekontua baino %19 handiagoa dauka Ispasterrek aurten
1.169.649, 45 euroko aurrekontua aho batez onartu dute, eta %36 inbertsioetara bideratuko dute. Besteak beste, ibilgailu elektrikoak kargatzeko gunea ipiniko dute herrigunean, eta udalak ibilgailu elektriko bat eskuratuko du.
Aho batez onartu dute aurtengo Ispasterko aurrekontua; guztira 1.169.649,45 euro edukiko dituzte kudeaketarako. Garbiñe Saenz de Buruaga Ispasterko alkateak azpimarratu du aurreko urteetan modura “landutako aurrekontua” dela aurtengoa ere: “Aurrekontuak onartzeko Ogasun batzordean hiru bat bilera egin genituen udal gobernuak eta oposizioak, eta abenduko osoko bilkurara eroan zen proposamena aho batez onartu genuen”. Ildo horretatik balorazio positiboa egin du: “Aho batez onartzea gauza esanguratsua da. Denok ibilbide beretik goazela adierazten du, eta datorren urtera begira ere horrela eroaten saiatuko gara, herrirako eta herritar guztientzako hoberena zer den denon adostasunez lortzen”.
Inbertsioen atalerako aurrekontuaren %36 izango da. Inbertsio nagusiak efizientzia energetikoa helburu duten proiektuetarako bideratuko dituzte. “Inbertsioetan partida batzuk urtero zehazten dira, guretzat garrantzia handia daukatenak. Denek daukate garrantzia, baina, batez ere, efizientzia energetikoarena azpimarratzen dugu”. Alor horretan 70.000 euroko partida daukate. Ibilgailu elektrikoa eskuratuko du udalak, eta kargatzeko bi gune ipiniko dituzte, bata herrigunean, eta bestea udal-pabiloian.
Era berean, bero sarea handitzeko gordeko dute diru kopuru jakin bat. Hain zuzen ere, hainbat eraikin batuko dituzte biomasa-energiaren sistema horretara: “Eleizalden daukagun eraztun hori geratzen zaizkigun beste eraikin publikoetara heltzea da helburua: medikuaren kontsultategira, botikara eta udalak daukan beste lokal batera”.
Oinez eta bizikletan ibiltzeko moduko moduko ibilbideak sortu nahi dituzte, kategoria desberdinetakoak eta zailtasun mailaren araberakoak
Saneamendua eta ibilbideak. 70. 000 euro saneamendu sarerako izango dira. Sarandu auzoan egingo dira saneamendu lanak. “Bizkaiko Ur Partzuergoagaz ikerketa bat egiteko proiektua daukagu; erdi bana ordaindu dugu. Aukerak aztertu ostean auzo horretan zer egin daitekeen proposatuko da”.
Bestalde, herriko ibilbideak eta bideak biltzeko proiektua ere egin nahi dute: “Oraindik ez daukagu proiektua, egiteko agindua eman dugu, eta espero dugu hilabete amaieran aurkeztuko digutela bera proiektua. Ispasterrek kultur zein orografia aldetik daukan balioa kontuan hartuta, ibilbide batzuk egiteko aprobetxatu nahi dugu”.
Bai oinezkoentzat bai bizikletan egin ahal izateko moduko ibilbideak sortu nahi dituzte. Kategoria desberdinetakoak eta zailtasun-mailaren araberakoak, “adin guztietarako egokiak izan daitezen”. Proiektu hori gauzatzeko 75.000 euro bideratzea aurreikusi dute.
Aurten zenbait lursail erosteko asmoa ere badaukatela zehaztu du alkateak. Besteren artean, Arginen daukagun ur-deposituaren inguruan dauden lursailak udalaren jabetzakoak izatea da nahi dute.