Yerai Diaz, Nerea Urbieta eta June Atxurra dira Zatozteren zozketaren irabazleak
Ondarroako merkatari elkarteak, guztira, 2.100 euro banatu ditu saritan. #gabonetakoargixak21 lehiaketaren irabazlea Axular Arrasate izan da.
Urtero egin modura, aurten ere Gabonetako zozketaren txartel saridunak banatu ditu Zatozte merkatari elkarteak. Zozketa aurreko astelehenean [urtarrilak 10] egin zuten elkartearen bulegoan, eta zenbaki saridunen jabeek gaur [urtarrilak 19] goizean jaso dituzte elkarteko dendetan gastatzeko bonu bereziak. Ohitura bihurtu den modura, talde argazkia atera dute; saridunak Alamedan batu dira, Zatozteko hainbat ordezkarigaz batera.
Lehen sariari dagokionez, Yerai Diazi egokitu zaio saria, Idagan estetika zentroan saldutako 32.895 zenbakiari esker. Bigarren saria Nerea Urbietaren amak jaso du; zotz egindako zenbaki sarituaren irabazlea ez da agertu, eta, azkenean, Txo! jantzi dendan banatutako 90.343 (lehen ordezkoa) zenbakiaren jabea izan da saritua. Hirugarren saria, ostera, June Atxurrarentzat izan da. Zotz egindako hirugarren sariaren zenbaki sariturik ere ez da agertu; Lavin dendan saldutako 43.758 zenbakiaren (bigarren ordezkoa) jabea zen Atxurra.
Elkarteak, guztira, 2.100 euro banatu ditu saritan; saridun bakoitzak saria egokitu zaien saltokietan 50 euroko hamalau bono jaso ditu; horiek maiatzaren azkenera arteko epean erabili ahal izango dituzte.
Balorazioa. Zatoztek aurten ere herrian erosteari eta fideltasunari saria eman nahi izan dio Gabonetako merkataritza kanpaina bereziagaz; ez dela “espero moduan” joan dela esan dute. “Erdipurdikoa izan da. Koronabirusaren seigarren olatuak gure salmentetan eragina eduki du; jende asko berrogeialdian egon da eta hori igarri egin da”.
Aurten, bigarren urtez jarraian, #gabonetakoargixak21 argazki lehiaketa ere ipini dute martxan. Saria martitzenean [urtarrilak 18] jaso zuen Axular Arrasate irabazleak, Yolanda Eizagirre lehiaketaren epaimahaiaren eskutik. “Lehiaketan parte hartu dutenek sareratu dituzten argazkiak oso ederrak eta politak izan dira. Irabazlea ezin aukeratuta ibili gara”. 100 erosketa txartela irabazi duen Arrasateren argazkia “oso artistikoa” izan dela azpimarratu dute. “Gai asko batu ditu irudi bakarrean”.