Leyre Arrieta Alberdi: "Liburua herrikideen aurrean aurkezteko gogotsu nago"
Francisco Javier Landaburu politikariari buruzko biografia kaleratu du historialari mutrikuarrak. Lan berria aurkezteko hitzaldia emango du otsailaren 9an, Zabiel kultur etxean.
Al servicio de la causa vasca: Biografia de F.J. Landaburu liburua argitaratu berri duzu. Emaitzarekin gustura geratu zara?
Oso gustura geratu naiz. Neure buruari zor nion zerbait zen. Lan asko izan da, hainbeste artxibo, liburu eta dokumentu kontsultatu ditut lana osatzeko, baina gozatu egin dut. Diru laguntzarik gabe egindako liburua izan da, baina horrek, aldi berean, nik nahi nuena eta nahi nuen modura idazteko askatasuna eman dit, inolako presiorik gabe.
Zenbat denbora eman duzu lana mamitzen?
2006an aurkeztu nuen tesia, eta ordurako ikusi nuen Landaburu zela nire laneko protagonista. Ordura arte ez nuen asko ezagutzen, eta iruditu zitzaidan pertsonaia benetan interesgarria zela biografia bat egiteko. Tesia defendatzeko tribunaleko presidenteak esan zidan Landabururi buruzko biografia egin beharko nuela. Gero bidean beste gauza batzuk sortu zaizkit, beste ikerketa batzuk, lana, bizitza pertsonaleko gorabeherak… eta biografia albo batera lagata eduki nuen. Baina duela lauzpabost urte Landaburuk idatzitako liburu ezagunari buruzko sarrera kritiko bat egitea enkargatu zidaten, eta hor berriz ere heldu nion pertsonaiari. Bere bilakaera ideologikoa pixka bat landuta nuen, eta biografia idazteko momentua orduantxe zela pentsatu nuen. Azken lauzpabost urteak buru-belarri biografia osatzen eman ditut.
Zein da liburuaren helburua?
Pertsonaia ezagutzera ematea da helburua. Oso pertsonaia konplexua da. Hasiera batean, ez zen abertzalea; kontserbadorea zen, baina hortik hasi zen kontaktuak edukitzen Barandiaran eta Bonifacio Etxegarai moduko kultura munduko intelektualekin, eta kulturatik igaro zen politika abertzalera, nahi zituelako euskara eta euskal tradizioak defendatu. Oso gazte diputatu izendatu zuten. Kongresuko diputatu gazteena izan zen, 26 urterekin. Gorteetan egindako proposamenek kutsu sozial handia eduki zuten. Garai hartan, II. Errepublika garaia, Landabururen proposamenen bitartez ikusi dezakegu EAJren beraren eboluzioa; integrismo katoliko batetik gizarte justizia eskatzen duen ikuspegi batera zelan igaro zen eta, gerora, kristau demokrazia bihurtuko zena. Diputatu izan zen bi urte haietan eboluzio horren adierazle izan zen Landaburu.
Landabururen ibilbide politikoa oso lotuta dago XX. Mendeko Euskal Herriko, Espainiako eta Europako historiarekin, bere biografiaren bitartez bilakaera historiko hori ere ageri da
Pertsonaia historiko honetatik zein alderdik erakarri zaitu gehien?
Bera izan zen euskal erbesteko politikari nabarmenetako bat. Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanen kanpo arduradun nagusia, lehendakariordea… izan zen. Euskal abertzaletasunari egindako ekarpen ideologikoa oso garrantzitsua zela ikusi nuen, baina gure artean ez da oso ezaguna. Kale izenak eskaini zaizkio, kazetaritza sari batek ere bere izena darama, Gasteizen ere ezaguna da bere izena, baina orain arte ez zegoen bere biografia sakonik, eta jende askok ez du ezagutzen. Agirre asko ezagutzen da lehendakaria eta oso gizon karismatikoa izan zelako. Leizaolak ere baditu biografiak lehendakari izan zelako. Manuel Irujok ere baditu biografiak, baina Landabururi buruzko gutxi ezagutzen da. Niri iruditu zitzaidan pertsonaia hori ezagutzera eman behar zela. Berak idatzitako ehunka gutun eta testu irakurri ondoren pertsona ezagutzen eta estimatzen hasi nintzen. Gero ikusi nuen ez zela perfektua, eta beste edozein pertsonak modura ere hanka sartzeak egin zituela, eta hori guztia ere bere testuinguru historikoan azaldu egin behar zela iruditu zitzaidan. Printzipiodun gizona iruditu zitzaidan, eta horregatik ekin nion lanari.
Garai hartako testuinguru historikoa ezagutzea beharrezkoa da, ezta?
Landabururen ibilbide politikoa oso lotuta dago XX. Mendeko Euskal Herriko, Espainiako eta Europako historiarekin, bere biografiaren bitartez bilakaera historiko hori ere ageri da. Euskal abertzaleek, batez ere EAJkoek, askotan ahoan daukaten europar zaletasun hori hein handi batean gizon honi esker da. Demokrata kristauekin eta beste korronte politiko batzuekin Europa mailan kontaktuak egin zituena bera izan zen.
Liburua era bereziren batean dago banatuta?
Kronologikoki banatuta dauden hiru ataletan dago banatuta lana; argi ikusten nuen horrela izan behar zela. Atal bakoitzean beti utzi dut kapitulu bat ideologia azaltzeko; gaztaroan, Parisko egonaldian edo bukaeran zelan pentsatzen zuen jaso dut, hain zuen. Gazte hil zen, baina bizi zen artean bere eboluzio ideologikoa zelakoa izan zen jasotzen saiatu naiz.
Gasteizko aurkezpena oso polita eta hunkigarria izan zen; oso pozik geratu nintzen
Iturri eta argitaratu gabeko dokumentu asko kontsultatu behar izan dituzu. Zeinek txunditu zaitu gehien?
Gutun batek. Landaburuk eta Iparraldeko abertzale batek kontaktuak eduki zituzten naziekin. Eugene Goienetxe Iparraldeko abertzalea harrapatu egin zuten, eta leporatu zioten kolaboratzea; epaitua izan ondoren kartzelan egon zen. Epaiketa hori gertatu zenean, EAJk erabaki zuen Landaburu alderatzea alderditik eta Eusko Jaurlaritzatik. Egoera onartu bazuen ere, oso haserre zegoen, eta gutun bat idatzi zuen Landaburuk; gutun hori ia osorik erreproduzitu dut liburuan. Alderditik urrundu behar bazuen agindua onartuko zuela zioen idatzian, baina egin zuen guztia agindutako ordenak betetzearren egin zuela dio.
Duela gutxi aurkeztu zenuen lana Gasteizen. Zelan joan zen?
Gasteizko aurkezpena oso polita eta hunkigarria izan zen; oso pozik geratu nintzen. Jende dezente etorri zen; politikariak eta tartean familiako kideak etorri ziren. Familiako kideen aldetik, egia esan, esker oneko hitzak besterik ez ditut jaso; lan ederra egin dudala esan didate. Semeetako batek liburuari esker aita ezagutzeko aukera izan duela esan zidan negarrez, eta horrek asko hunkitu ninduen. Lana aurrerago Donostian, Bilbon eta Zarautzen ere lana aurkezteko asmoa daukat. Landabururen emaztea zarauztarra zen, eta bere semea Gorka Landaburu kazetaria ere bertan bizi delako egingo dut aurkezpena bertan.
Mutrikun ere aurkezpena egiteko asmoa daukazu, ezta?
Bai, noski! Otsailaren 9an, 18:00etan, liburuari buruzko hitzaldia emango dut Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan. Liburua herrikideen aurrean aurkezteko gogotsu nago, egia esan. Urte hasierako Kultur Galan jasotako sariagatik ere oso eskertuta nago; oraindik ere ur bitsetan.