Peña II-Albisu eta Laso-Imaz "gustura" geratu dira Uni frontoiko aukeraketagaz
Bi bikoteek denbora gutxi behar izan dute zapatuan [urtarrilak 22] eskuetan eduki nahi dutena aukeratzeko. Peña II.ak eta Albisuk pilota "pisutsuagoak" aukeratu dituzte. Lasok eta Imazek, ostera, behetik "biziagoak" diren pilotak aukeratu dituzte.
EPELen Eskuz Binakako Txapelketako hamargarren jardunaldia jokatuko da zapatuan [urtarrilak 22] Uni frontoian. Lau protagonista nagusiak Markina-Xemeinen egon dira gaur [urtarrilak 20] eguerdian, neurketan erabiliko dituzten piloten aukeraketa egiten. Lasok eta Imazek aukeratu dute lehenengo, eta Peña II.ak eta Albisuk ondoren. Ez da inongo arazorik egon, eta Baikoko bi bikoteak ados azaldu dira saskian zegoen materialagaz; “gustuko” materiala aukeratu dutela azpimarratu dute.
Aukeraketa laburra izan da gaurkoa. Bi bikoteek denbora gutxi behar izan dute zapatuan eskuetan eduki nahi dutena aukeratzeko. Peña II.ak eta Albisuk osatutako bikoak esan du Lasoren eta Imazen pilotak baino “pisutsuagoak” aukeratu dituztela; 104,3, 104,8, eta 104,3 gramoko pilotak aukeratu dituzte. “Guri hobeto datorzkigun pilotak aukeratu ditugu, eta iruditu zaigu mugitzeko zailagoak direla”. Aurkariek aukeratutako pilotak ere “nahikoa politak” direla esan dute. “Partida denekin jokatu behar izaten dugu, eta azkenean ez da jakiten zein etorriko zaizun hobeto”.
Lasok eta Imazek, ostera, behetik “biziagoak” diren pilotak aukeratu dituzte; 104,2, 104,5 eta 105,2 gramoko pilotak aukeratu dituzte. “Pilota hauekin bilatzen duguna da Albisu deseroso egotea. Ohituta gaudenera baino frontoi handiagoa eta zabalagoa da Uni, eta horrek material biziagoa jartzeko aukera ematen du. Frontisetik ere asko ateratzen da pilota, eta pilota bizi bat aukeratuta, ondo emanda asko altzatzen da”. Peña II.ak eta Albisuk aukeratutako pilotak “goitik” ibiltzen direnak direla gaineratu dute.
Zapatuko puntua garrantzitsua izango da bikote bientzat. Seigarren puntua lortuta, sailkapenean bigarren daude Laso eta Imaz. Peña eta Albisu, ostera, bosgarren postuan daude, lau puntugaz, Urrutikoetxea eta Arangurenegaz berdinduta. Beraz, hamargarren jardunaldiko garaipena bere egitea nahi dute biek ala biek. Irabaziz gero sailkapen burutik gertuago mantenduko direla nabarmendu dute Laso eta Imazek. “Gure helburua aurrean sartzea zen, eta ematen du txapelketa nahikoa bideratua daukagula. Azkenean puntu guztiak dira garrantzitsuak, baina begiratu behar duguna da partidaz partida joatea, eta orain arte modura itxura ona ematea”.
Zapaturako partidari begira sentsazio “onak” dituztela gaineratu dute. “Azken bi partidak irabazita, sentsazio onekin gaude. Partida guztiak ezberdinak dira, eta gure helburua izango da partida ona egitea eta dena ematea, zaleei gozarazteko”. Partida “gogorra” aurreikusten dute. “Azken hiru partidak irabaztetik datoz, eta eurak ere dena ematera aterako dira. Maila handia ematen dute batak besteagaz, eta ondo moldatzen dira, aurreko urteko txapeldunordeak zerbaitegatik dira”.
Bolada onari jarraipena emateko asmoa daukate Peñak eta Albisuk ere. “Txapelketari ez genion nahi bezalako hasiera eman, baina azkeneko hiru garaipenekin bolada on batean gaude; partida irabazita bolada on horri jarraipena emango genioke. Irabazita, gainera, sailkapenean pixkanaka gora egiten jarraituko genuke, play off-etan sartzeko aukeragaz”. Arerioak “oso gogorrak” direla uste dute. “Bikote sendoa osatzen dute; Unai oso momentu onean dago eta Ander ere atzetik oso ondo dabil. Gutxi erregalatzen dute, baina saiatuko gara hasieratik ondo hasten eta partida on bat egiten”.
Bi bikoteak bat datoz Uni frontoia “berezia eta ezberdina” dela esaterakoan. Frontoia neurriz handiagoa dela diote. “Frontiseko irteera ere oso-oso azkarra dauka. Frontoiak altuera gehiago izateak mesede gehiago egingo digula uste dugu, baina ikusi egin beharko da nola moldatzen garen zapatuan”, agertu dute Peñak eta Albisuk. “Frontoi hau zaila da, eta Albisuk abantaila pixka bat du alde horretatik; asko ematen dio pilotari”, diote Lasok eta Imazek.
Omenaldia. Binakako Txapelketako partidagaz gainera, Bengoetxea VI-Aretxabaleta eta Elordi-Bikuña bikoteen arteko norgehiagoka ere egongo da. Omenaldi txiki bat ere egingo diote Aretxabaletagaz batera azkenetako partida jokatuko duen Bengoetxeari. “Andonik Oinatzekin batera jokatu zuen debuteko lehen partida eta pilotari oso maitatu da Markina-Xemeinen”. Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldekoek jakitera eman dutenez, sarrera guztiak saldu dira, eta leihatila ez da irekiko partidu egunean.