Iñaki Urberuagaren 'Rayo' zaldiak eraman du Aulestiko Narea auzoko jaietako manta
'Rayo' zaldiaren eta 'Molly' behorraren norgehiagokak ikusmin handia eragin du. 700 kiloko harriagaz 64 untze egin ditu herriko zaldiak. Nabarnizko behorrak, ostera, lau untze eta erdi gutxiago egin ditu.
Aulestiko eta inguruetako jende ugari batu da gaur [urtarrilak 22] Narea auzoan San Bizente Eguna ospatzeko. Hotz egin badu ere, eguraldia aldeko eduki dute, eta aukera hori aprobetxatu dute askok, jaiekin gozatu eta auzora hurreratzeko. Mezagaz hasi da jai usaina eta, ostean, jolasen txanda izan da. Bi taldetan banatuta, 20 ume eta gaztetxo altxorraren bila ibili dira; azkar aurkitu dituzte antolatzaileek ezkutatutako hamar pistak..
Jolasak amaitu eta berehala hasi da zaldi. 700 kiloko harriari tiraka 20 minutuan zeinek untza gehien egin zen proba. Kepa Zubizarreta nabarniztarraren lau urteko Molly behorra izan da plazara ateratzen lehenengoa. Jose Luis Idoeta eta Urko Pagoaga aritu dira itzain modura, eta proba ona egin badute ere, behorra urduri ikusi da momentu askotan; 59 untze eta erdi eta 5,10 metroko marka eginaz amaitu dute proba.
Iñaki Urberuaga aulestiarraren sei urteko Rayo zaldia atera da ondoren, jabea bera eta Josu Madariaga itzain zituela. Molly baino azkarrago eta indartsuago hasi da, eta horrela eutsio dio amaierara arte. 64 untze eginda, zaleen faboritoa zen zaldiak irabazi du aurten jokoan egon den manta. “Rayo-k sei urte ditu eta esperientzia handia dauka plazetan, eta hori igarri egin da gaurko proban. Molly, ostera, gazteagoa da, ez du horrenbesteko esperientziarik eta urduriago ere egon da”, esan dute antolatzaileek.
Irabazlearen semeek jaso dute manta, eta bigarren saria ere pozik jaso du Zubizarretak. Urtero bezala, txosna jarri dute Narea auzoko jai batzordekoek eta bazkal ordura arte jan-edanean jarraitu dute han bildutakoek.