Ondarroak hirugarren egin du Portugaleteko jaitsieran
Emakumezkoetan Hibaikak eta gizonezkoetan Zierbena B-k irabazi dute estropada. Lea-Artibai eta Mutrikuko bost traineruk parte hartu dute erlojupeko eran egindako proban.
Ondarroako, Lekeitioko eta Mutrikuko arraunlariek euskal uretan egin den denboraldi-aurreko lehenengo estropadan parte hartu dute. Domekan [urtarrilak 23] Portugaleteko uretan lehiatu zen X. San Nikolas traineru jaitsieran parte hartu zuten 46 traineruetatik bost bertokoak ziren: Ondarroako eta Isuntzako bina traineruk emakumezkoen eta gizonezkoen kategoriako lehietan parte hartu zuten eta Mutrikuko traineru bat, berriz, gizonezkoen kategorian aritu zen.
Nagusi mailako emakumezkoen kategoriako estropada oso lehiatua izan zen; lehen hiru sailkatuen artean lau segundoko tartea egon zen bakarrik. Hibaikak egin zuen denborarik onena, estropadako 4.000 metroak 13 minutu eta 54 segundo eta 90 ehuneneko denboran egin zituen. Irabazleak segundo eta erdiko aldea atera zion Deusto A bigarren sailkatuari (13.56,5), eta ia lau segundokoa Ondarroa hirugarren sailkatuari (13.58,8). Isuntzako trainerua ere nahikoa ondo moldatu zen; seigarren amaitu zuen (14.25,3), irabazlearengandik 30 segundora.
Nagusi mailako gizonezkoen kategorian, ostera, Zierbena B trainerua izan zen azkarrena; 18 minutu eta 24 segundo eta 40 ehunenekotan egin zituen 5.500 metroak. Donostiarra A izan zen bigarrena, irabazlearengandik 80 ehunenera (18.25,2). Ondarroak osatu zuen podiuma, irabazlearengandik 13 segundora (18.38,0). Isuntzak, berriz, laugarren amaitu zuen norgehiagoka (18.57,3), eta Mutrikuk azken-aurreko postuan (19.41,1).