Ondarroako ibai hondoko hondarra portuan isuri dutela salatu du Eguzkik
Bi draga Artibai ibaia eta Ondarroako portu sarrerako ibai ahoa dragatzen ari dira azken asteotan. Draga txikiak zapatu [urtarrilak 22] eguerdian itsasadarrean batutako hondar eta lokatz guztia portu erdi-erdian hustu izana salatu dute talde ekologistako kideek.
Isurketak kezka eragin du zenbait herritarren artean, eta dragatutakoa portuan isurtzea zalantzan jarri dute Eguzkikoek. “Egun argiz egindako ekintza hori bereziki salagarria dela iruditzen zaigu; ez dago horretarako eskubiderik. Gure, ustez, lokatz eta hondar hori guztia portuan botatzea arduragabekeria da. Ez zaigu ondo iruditzen dragatze lanak egin, eta gero kaka guztia portu barruan botatzea, lehengo hondar zikinaren gainean. Ez dakigu dragak zenbat bidar bota dituen zikinak portuan, baina guk dakigunez bi aldiz egin du hori”.
Lan horiek urrutirago egitea eskatu dute. “Isuri behar dituzten lokatz eta hondar horiek aztertzeko eskatzen dugu, eta arriskutsuak baldin badira, tratatzera eramateko exigitzen dugu. Ez badira arriskutsuak, badia kanpoan bota ditzatela, baina ez portu barruan. Eta badia kanpoan bota nahi ez badituzte, urrutirago bota ditzatela”.