Eñaut Elorrietaren kontzertuagaz amaituko da Markina-Xemeingo II. MARKArte jaialdia
Musikari gernika-lumotarrak zapatuan [urtarrilak 29] eskainiko du kontzertua, 19:00etan, Uni frontoian. Sarrerak udaletxeko kutxazainean erosi behar dira; zapatuan Uniko leihatilan egongo dira salgai, 18:00etatik aurrera.
Markina-Xemeingo Udalak eta Uhagon kulturguneak antolatzen duten MARKArte Markina-Xemeingo Arte Eszenikoen Jaialdiko azken ekintza egingo da zapatuan [urtarrilak 29]: Eñaut Elorrieta musikari gernika-lumotarrak Irteera argiak bere azken lana aurkezteko kontzertua emango du, 19:00etan, Uni frontoian. Zapatura arte, sarrerak udaletxeko kutxazainean erosi daitezke, eta zapatuan Uniko leihatilan salduko dituzte, 18:00etatik aurrera. Sarrerak 15 euro balio ditu.
Udaletxeko kutxazainaren ordutegia: 08:15etik 20:00etara.
OHARRA: Nortasun agiri bakoitzagaz gehienez 4 sarrera erosi ahal dira
Izatez, Elorrietaren kontzertua abenduan egin behar zen, baina osasun egoera zela eta urtarrilera atzeratu zuten. Dena dela, Elorrieta ez da bakarrik igoko agertokira. Izan ere, harekin batera ariko dira Maite Larburu (biola eta koruak), Fernando Neira (kontrabaxua eta baxua), Ruben Caballero (gitarra elektrikoa, teklatuak eta koruak) eta Ander Zulaika (bateria, perkusioa eta koruak).
Elorrietak berak idatzitako letrekin egindako abestiez gain, beste zenbait idazleren testuei ere musika jarri eta diskoan sartu ditu. Besteren artean, Uxue Alberdi, Joseba Sarrionandia eta Jose Luis Otamendiren hitzak musikatu ditu. Diskoa “lasaia” dela dio. “Kanta da artistaren oinarri eta obesio”. Dena dela, azken lanean jasotako abestiez gain, bere errepertorioko abesti esanguratsuenak ere eskainiko ditu Markina-Xemeinen.
Ibilbidea. Elorrieta 1975ean jaio zen, Gernika-Lumon. Ken Zazpi taldean aritu ostean, bide berriak urratzen dihardu azken urteotan. 2013an bakarkako bere lehen diskoa argitaratu zuen (Deserriko kantak). Ostean Harian argitaratu zuen (2018), Euskadiko Orkestra Sinfonikoko bost musikarik osatzen duten Kaabestri String Ensemblek lagunduta. Irteera argiak (2019) azken urteotan garatutako ibilbidearen ondorio zuzena dela dio.