Kontserba sektoreko langileentzat lan baldintza duinak eskatuko ditu LABek Mutrikun
Elkarretaratzea deitu dute, sindikatu abertzaleak eguenerako [urtarrilak 27] deituta daukan Aldarrikapen Egunaren harira.
Euskal Herrian egin dezagun posible lelopean egingo den Aldarrikapen Egunean hainbat eskaera entzunaraziko ditu sindikatuak. Euskal Herri osoan egingo diren mobilizazioen baitan, kontserba sektoreko langileentzat lan baldintza duinak eskatzeko elkarretaratzea egingo dute Mutrikun. 11:00etan Txirritxako biribilgunean batzeko hitzordua ipini dute.
Esan dutenez, dozenaka dira Mutrikuko Mijoa auzoko Laskibar eta Antzomendiko industrialdeko kontserba lantokietan “miseriazko lan baldintzetan” diharduten langileak. “Ia gehienak emakumeak dira, eta horietako asko eta asko, gainera, migratzaileak. Langile gehienek lanaldi partzialeko kontratu inposatuak dituzte. Emakume langileok pairatzen dugun genero arrakalaren beste aurpegi bat da hau, alegia”.
Sektoreko langileek “zapalkuntza” jasaten dutela diote, eta kasu askotan, zapalkuntza hori “modu hiruzkoiztuan” jasotzen dutela ere. “Klase, genero eta jatorriari loturiko zapalkuntzak, hain zuzen ere”. Are gehiago, langile gehienei aplikatzen zaien hitzarmena estatu mailakoa dela azpimarratu dute. “Horrek miseriazko lan baldintzetan lan egitera kondenatzen ditu”.
Gaineratu dute langile horien osasunak ez duela “ezer balio” enpresaburuentzat. “Lan istripuak eta gaixotasun profesionalak oso ohikoak dira. Lan egiteko makina asko ere zaharkituta daude, ez daude homologatuta eta horrek, istripuak eta gaixotasun profesionalak edukitzeko arriskua biderkatzen du. Hau guztia gure herrian gertatzen da, Mutrikun, 2022. urtean. LAB sindikatuko kideok argi daukagu egoera hau onartezina dela, eta berau iraultzeko borrokan jarraitu behar dugula”.