Lea-Artibai Amankomunazgoak Gizarte larrialdietarako laguntzak eskatzeko epea zabaldu du
Baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsonei zuzendutako diru-laguntzak dira. Era askotako oinarrizko gastuei aurre egiteko ematen dituzte. Udaletako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan egin behar dira eskaerak.
Hiru epe jarri ditu Lea Artibai Amankomunazgoak 2022ko Gizarte Larrialdietarako laguntzak eskatzeko. Otsailaren 28tik martxoaren 9ra izango da lehenengoa, eta horretan, urtarrila eta ekaina bitarteko laguntzetarako eskaera agin ahalko da. Uztaila, abuztua eta iraileko laguntzak eskuratzeko eskaria egiteko epea, berriz, maiatzaren 30etik ekainaren 8ra bitartekoa izango da, eta irailaren 26tik urriaren 7ra egin beharko da eskaera urritik eta abendura arteko laguntzak lortzeko.
Azaldu dutenez, baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsonei zuzendutako diru-laguntzak dira, eta gizarte-bazterkeria saihestu edo leuntzeko ematen dira. Era askotako oinarrizko gastuei aurre egiteko ematen dituzte: alokairu gastuak, energia gastuak, linea zuriko etxe-tresna elektrikoen eta altzarien gastuak, etxebizitza konpontzeko, egokitzeko edo oinarrizko instalazioak egiteko gastuak ordaintzeko, Ohiko etxebizitza mantentzeko beharrezkoak diren gastuetarako, jantziak, hezkuntza, elikagai, prestakuntza eta osasun-arretak sortutako gastuetarako, beti ere sistema publikoak ez badituzte estaltzen eta baita aurretiaz egindako zorpetze gastuak ordaintzeko ere.
Argitu dutenez, gizarte zerbitzuetako profesionalek aurkeztutako eskaerak egoeraz egoera baloratzen dituzte. Laguntza hauei buruzko informazioa lortu eta eskaerak egiteko udal ezberdinetako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetara joan behar da.
Handitzen. Jakinarazi dutenez, 2021 urtean, Lea Artibai Amankomunazgoa osatzen duten udalerrietan 524.359,81 euro bideratu dira gizarte larrialdietarako laguntzetara, eta premiak handitzen jarraitzen dute. Amankomunazgoak emandako datuen arabera, azken bost urteetan laguntzak bikoitza baino gehiago handitu dira; 2017an 247.221,75 euro bideratu zituzten laguntzetara. 2019tik aurrera, gainera jauzi handia egon da. 2018an 294.885,46 euro bideratu zituzten laguntzetara, 2019an 309.814,46 euro eta 2020 urtean 443.200,40 euro.
Laguntzak behar dituzten pertsonen kopuruak gorantz egin duela azaldu dute, 2021 urtean 334 izan dira laguntzak jaso dituzten pertsonak, 2020 urteko kopuru bera , baina 2019an, 229 izan ziren onuradunak, 2018an 236 eta 2017an 203. “COVID-19 pandemia egoeraren eragina nabarmena izan dela uste dugu, familia askoren oinarrizko beharrizanak azaleratuz”.
2021eko laguntzak herriz herri:
- Berriatuan, 10 onuradun.
- Etxebarrian, 15 onuradun.
- Ispasterren, onuradun 1.
- Lekeition, 108 onuradun.
- Markina-Xemeinen, 89 onuradun.
- Ondarroan, 110 onuradun.
- Ziortza-Bolibarren, onuradun 1.